Euskal Herriko etxebizitza sindikatuen sareko IV. topaketa hartu zuen Ziordiko Amaraunak asteburuan. Topaketa hormetan barrena arrakalak zabaldu lelopean egin zen. Topaketan testuinguruari erreparatu eta etxebizitza sindikatuen ikasturteko helburuak zehaztu zituzten. Auzoetan errotutako egituren berri eman, nazio mailako antolakuntza aztertu eta gatazka konkretuen eta lan sindikalaren inguruan hizketatu ziren. Ekintza sindikala lantzeko Kataluniako Etxebizitza Sindikatuen Konfederazioko bi kide izan ziren Ziordian. Haiekin batera legedia, negoziazioa eta gatazken sozializazioa lan lerroak landu zituzten. Gainera, elikadura proiektuen sareko delegazioa izan zen topaketan. Sarearen eta sindikatuen borrokek komunean dituzten potentzialtasunez hizketatu ziren.
Topaketan etxebizitza sindikatuendako beharrezkoak diren gaitasunak eta tresnak garatzeko tailerrak egin zituzten. Esaterako, kalean propaganda egin eta haren bidez gatazkak gizarteratzeko teknikak landu zituzten, oratoria tailerra, errepresioari aurre egiteko tresnen tailerra eta mobilizazioetan soinu ekipoa erabiltzeko tailerra.