Santa Luzia, haien eguna izan zen.
1. Noiz hasi zineten joskintza tailerran?
Duela urte asko; Gema, esaterako, 2010. urtean; Isabelen ilobak 18 urte bete ditu eta jaioberria zenerako arropak egin zizkion...
2. Eta tailerrera joan aurretik, egiten zenuten?
Gema Altsasura joaten zen eta Erkudenek txikitatik ikasi zuen; Juanak korte eta konfekzio industriala egin zuen, baina ez du zerikusirik. Hau lan guztiz artisaua da.
3. Zergatik hasi zineten?
Gustatzen zaigulako. Gemaren kasuan, esaterako, erretzeari utzi zion eta zerbait egiteagatik joskintza tailerrean hasi zen, laboreak egiten; hasieran dena gaizki egiten eta Maribel Mazkiaran irakasleak errieta egiten zigun. Egiten eta egiten ikasten da.
4. Zer nolako lanak egiten dituzue?
Denetarik. Oraintxe bertan nekazari jantzien alkandorak egiten ari gara, Isabelek kaiku bat egin du eta orain alkandorarekin dago, Zuriñe ere tapeteak egiten ari da, Juana kaiku bat, Gema Altsasuko kintoendako zinta bat eta kaiku bat... Kakorratz lanak beste ikastaro bat da, eta Gema doa. 16:00etatik 18:00etara joskintza tailerra, eta 18:00etatik 20:00etara kakorratza.
5. Zer behar da labore hauek egiteko?
Hasteko, gogoa. Badago jendea psikologoa ordaintzen duena, eta gu joskintzara joaten gara. Horrelako herri txikietan beharrezkoak dira horrelako gauzak egitea. Astean behin elkartu eta orratzari ematen diogun bitartean, mingainari ere ematen diogu. Sozializatzeko modu bat da. Eta egiten duguna ere ongi egiten dugu, jakina. Pandemia garaian eten ez zen gauza bakarra izan zen; taldea banatu zuten eta toki handiago batean jarri, baina jarraitu genuen. Bestela, behin utzita, ez ginateke itzuliko.
6. Denak emakumeak?
Kakorratz ikastaroan gizon bat dago! Baina urte hauetan bakarra. Egia esan, ikastaro gehienetan horrela izaten da, pilatesen hamar pertsonatik zortzi emakumezkoak gara.
7. Zer nahiago duzue eskuz edo makinaz josi?
Guk egiten duguna artisautza da. Agian piezaren bat muntatzeko makinaz egin behar dugu, baina bestela dena eskuz. Are gehiago, zerbait konpontzeko josi behar badugu ez dugu egiten! Botoi bat josi behar dela, poltsiko bat konpondu, praken azpikoa hartu... Uzten joaten gara.
8. Zer da gehien egitea gustatzen zaizuena?
Gauza bat modu batean egiten da, eta beste bat beste modu batera. Denetarik egiten dugu, eta guztiarekin gustura gaude. Teknika bat baino gehiago gustatu ahal zaigu, baina denetarik egiten dugu.
9. Tailerretik kanpo egiten duzue?
Bai, etxean zerbait egiten dugu. Astean zehar ere etxeren batean elkartzen gara, aitzaki gisa; baina egiten dugu.
10. Santa Luzia jostunen eta ikusmenaren zaindaria, ezta?
Martir bat zen, ez zuen ezkondu nahi, eta bere sakrifizioa begiak kentzea izan zen. Ziordian ermita bat zegoen eta festa oso garrantzitsua zen, ez bakarrik jostunendako, kanpoko jende asko etortzen zen ere. Gehienbat jostunak eta begi arazoak zituztenak, eta Altsasutik eta Olaztitik etortzen ziren; peregrinazio bat bezala zen. Baina jende asko biltzen zen. Altsasun ere bazkariak egiten ziren aspaldi.
11. Nola ospatzen zenuten? Eta orain?
Gure kasuan afari bat egiten genuen; ez dakigu noiz utzi genuen, pandemiaren aurretik, aspaldi. Ez genuen guk bakarrik egiten, kuadrilla gehiago biltzen ziren. Meza egiten zen eta gero afariak. Esanahi berezia zuen egun horrek. Festa berez ez zen desagertu; ermita errepidea egiteko bota zuten, baina irudia elizara eraman zuten eta meza egiten jarraitu zen. Festa egun bat zela nabari zen. Orain gazteek berreskuratu dute eta lau eguneko egitaraua egin dute. Guk tailerrean merendua egingo dugu.