Astekaria

"Herri ihotean gehiago zentratzen hasi gara"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko otsailaren 2a

Xabier eta Irati.

Neguko ospakizunen barruan, ihoteak akabera aldera izaten dira. Aurten Sakanako lehendabiziko ihoteak Ziordikoak izan dira ilbeltzaren 31n. Irati Flores Mendia eta Xabier Bengoetxea Ijurra kultur batzordekoak dira.

Kuadrillaka bazkaldu ondoren, 19:00etan abiatu zen ihote segizioa. Afariaren ondoren elkartean Boletus Rumberos Dj-ek musika jarriko dute 22:30ean.

Zeinek antolatzen ditu ihoteak?
Irati. Kultur Batzordeak deialdia egiten du eta mundu guztiak parte har dezake. Beraz, herriak.

Hala, betidanik?
Xabier. Bai. Udala ihoteak berreskuratzen hasi zen. Ondoren jendea sartzen hasi zen, lanketa horretan laguntzeko. 

Egitaraua beti bera da?
I. Ez, aldatzen da. Kalejira eta panpinaren erreketa urtero egin da. Batzuetan plazan merendua egin da. Aurten ogitarteko jana egin genuen elkartean 21:30ean. 

Berezko pertsonaiarik baduzue?
X. Hiru: artzaina, pezkina eta zomorroa. Artzaina baserritarrez jantzita doa eta makila du.  

I. Pezkina antzeko janzten da, baina gainean zakua du. Eta errautsa botatzen du. 

X. Eta zomorroa txuriz janzten da, koloretako zintak dituen lastozko txanoa eta aurpegia estalita du. Txintxirrinak eramaten ditu. Makila ere. Makilak apaindu egiten dira. 

Besterik badu ihoteak?
I. Bai. Plazan panpin bat erretzen dugu. Panpin hori egin eta kalejiran eramateko ardura urtero kuadrila batek du. Erre eta gero zortzikoa dantzatzen dugu.

X. Kalejiran zehar herriko zenbait puntutan gelditzen gara. Horietan jota eta porrusalda dantzatzen dira. Zenbait urtetan jatekoak jarri izan dira, gazta-edo. 

I. Geldialdiak goiko iturrian, Anixeta tabernaren ondoan, ermitan eta plazan dira. Plazara iristean, 20:00etan, Ziordiko zortzikoa dantzatzen dugu, panpinari su ematen diogu, eta ondoren auzatea dago.

Berreskuratze lana, beraz.
X. Ihotea eta zortzikoa. Dantza berreskuratu zen urtean geldialdi bakoitzean zortzikoa dantzatu genuen. Baina asko luzatzen zela ikusi genuen. Eta pentsatu zen egokiena zela bakarrik plazan dantzatzea, panpina erretzean. 

Zeinek dantzatzen du?
I. Herritarrok. Xabier zortzikoaren berreskurapen aritu zen, eta bera izan da gure irakaslea. 

X. Musika berreskuratu zen eta Altsasuko Iñaki Agirre dantza irakasleari laguntza eskatu zitzaion dantzari ekiteko. Berak Ziordiko dantzari batzuei erakutsi zigun: arrebari, niri, Ainhoa Rubiori eta batzuei. Ondoren guk herritarrei erakutsi genien. 

Entseatu duzue?
X. Ilbeltzeko ostiraletan beti entseguak antolatzen dira, jendeari memoria freskatzeko. 18:00etan, gimnasioan izan dira. 

Ihotea berreskuratu dela diozue. 
I. Urteetako lana izan zen. Ni sartu nintzenerako dagoeneko hasiak ziren. Hasiera batean pertsonaiak besterik ez ziren berreskuratu. Ondoren gauzak gehitzen joan gara. Aurretik ez zegoen ezer. 

X. Altsasuko ihoteen datetara moldatzen ginen. Astearte ihotean Ziordin haur ihotea ospatzen zen, eta pixka bat libre. Eta hiri ihoteko larunbatean, bakoitzak nahi duena egiten du Ziordian.  

I. Herri ihotean gehiago zentratzen hasi gara, gure kultura delako. Herrian hori indartu nahi dugu. 

Ihoteek Ziordiari zer ematen diote?
X. Ilusioa. Elkarlana. Berreskuratu ondoren ez dadila galdu. 

I. Berezitasuna. Izaera. Gure ihote propioak dira.  

Ihoteak herrian zer harrera du? 
I. Helduei sartzea pixka bat kostatzen zaie. Haurrek, berriz, ilusioa dute. Haiek dira etorkizuna.

Zergatik mozorrotu?
X. Behin berreskuratuta, garrantzitsuena mantentzea da. 

Zergatik joan beharko luke jendeak Ziordiko ihoteetara? 
I. Ihotea eta herria ezagutzeko, larunbat arratsaldean egonen den giroaz gozatzeko eta zortzikoa ezagutzeko. Eta ongi pasatzeko.