Ariketa fisikoa egiteko tresnak Dona Luzia etxaldearen ondoan jarri zituen Ziordiko Udalak 2021eko udan. Hanka eta besoekin ariketak egiteko hiru elementu ziren, eta haien aldamenean hiru aulki zeuden. Ikusirik ziordiarrak haraino ez zirela joaten eta ariketako tresnak ez zirela erabiltzen, udalak tokiz aldatzea erabaki zuen, gaztetxearen atzeko espazioan jartzea erabaki zuen.

Horretarako, lehenengo eta behin, eremua sasiz garbitu behar izan zuen. Ondoren eremua ixten duten harrizko paretak ongi jarri zituen. Belarra erein ondoren aipatutako ariketak egiteko hiru elementuez gain, kalistenia aparatua eta ping-pong-ean jolasteko mahai bat jarri ditu ere. Olatz Irizar Martinez alkateak azaldu duenez, "udal gimnasioa asko erabiltzen da, tarteka erabiltzaile asko daude. Hura pixka bat husteko erabaki genuen kalistenia aparatua jartzea. Gainera, gimnasioko erabiltzaile batzuek ere eskaera egin zuten". Argitu duenez, "udan, igerilekuan, ping-pong mahaia jartzen da eta haurrek asko jokatzen dute. Hori ikusita erabaki genuen espazio horretan ere halako mahai bat jartzea". Alkateak aitortu duenez, "negua ez da garairik onena han egoteko. Baina eguraldiak hobera egitean, jendearen erabileraren arabera, ez dugu baztertzen beste zerbait jartzea". Azken erosketa horietarako udalak 11.000 euro inguru bideratu zituen.