Bizikleta parkea egin dute Ziordian

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko otsailaren 16a

Haurrek ibilgailuaren erabileran duten trebezia erakusteko baliagarria da

Ziordiko Udalak hilerriko bidearen ezkerrean dagoen zelaian bizikleta parkea jarri du. Zortzi elementuz osatutako parke horretan, haurrek bizikletarekin duten trebezia erakusteko aukera dute. Edo trabatzeko balia dezakete. Bizikleta parkeak honako elementuak ditu: gainetik pasa behar den arranpa bat, sei zutabe haien artean pasatzeko edo haiek ikutu sigi-saga ibiltzeko, igo eta jaitsi behar den zubitxo bat altu bat eta baxu bat, hiru arranpa borobildu duen elementua, hesitutako eremutik pasatzeko eremua, bi ohol paraleloren artean pasatzekoa eta jauzi egiteko arranpa. Banaka edo zirkuitu moduan erabil daitezke parkeko elementuak. Guztiak egurrezkoak dira. 

Olatz Irizar Martinez alkateak azaldu duenez, guraso batzuek egindako eskaerari jarraituz jarri dute bizikleta parkea. Edozeinek erabil dezake, baina haurrendako pentsatuta dagoela zehaztu du alkateak. Gaineratu duenez, bizikleta parkeak beste funtzio bat ere bete nahi luke: herriko haurrak beraien bizikletekin hara bideratzea, kaleetan autoen trafikoarekin sor litezkeen arrisku egoerak neurri batean saihesteko. Ziordiko Udalak 12.000 euroko inbertsioa egin du.