24. Korrika

"Gure artean gehienetan harremana euskaraz izaten da"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko apirilaren 16a

Amaraunako kideak gune autogestionatutik gertu hartu zuten lekukoa.

Izar Razkin Olmedo, Amaraunako kidea.

Amaraunak gune autogestionatuak 10. urteurrena azaroaren 29an ospatu zuen. Gunearen zati batean kide batzuk bizi dira. Gainera, eraikin handi bat dute, garai bateko komentua, eta hori herri mugimenduko talde eta eragileei eskaintzen diete, tailer, jardunaldi eta bestelakoak egiteko. Urtero urteurren festa ospatzen dute Amaraunakoek, batez ere, bazkideekin batera ospatzeko. Bazkide horiek laguntzen dute Amaraunak aurrera segitzen. Hilean behin egiten dugu auzolana eta bazkide batzuk hurbiltzen dira. Giro polita sortzen da. Bazkidetu nahi duenak gurekin harremanetan jarri beharko luke, 679 55 37 34 telefono zenbakira hots eginez edo amaraunaziordi@gmail.com e-posta helbidera idatziz. Fitxa bat bete behar da, 70 euro ordaindu behar dira.

Korrikaren leloa 'Euskara gara' da. Nola zarete zuek euskara?
Astero egiten ditugu gure asanbladak, bertan bakoitzak dauka bere ama hizkuntzan hitz egiteko aukera eta eskubide osoa. Horretarako itzultzaile figura dugu. Bermatu egiten dugu norberak euskaraz hitz egin nahi badu, aukera izan dezan.

Zergatik erabaki duzue Korrikan parte hartzea?
Euskara garelako eta euskararen alde egin behar dugulako.

Zer sentitzen duzu Korrikan parte hartzean?
Emozio handia. Gerturatzen ari denean musika entzuten duzu... oilo-ipurdia jartzen zaizu azala eta emozio momentu oso hunkigarria da. Aurten ez dut korrikarik egingo, ama izan naizelako duela gutxi eta ezin dut, baina animatuko ditut.

Euskararen aldeko zein lelo gustatzen zaizu gehien?
Leloak oihukatzekoa naiz, emozio horretan... Edozein lelo oihukatzen dut, gustura.

Zer garrantzia du euskarak zuen barne dinamikan?
Egunerokoan familia batzuk bizi gara eta euskara presente dago, erabat. Pertsona bakarra dago euskaraz hitz egiteko gaitasun gutxiagoarekin, baina berez denek ulertu egiten dugu eta gure artean gehienetan harremana euskaraz izaten da.

Korrikaz aparte, zer gehiago behar du euskarak?
Euskara egunerokotasunean presente egotea eta, bereziki, kontzientzia gehiago.

Zer ematen dizu Korrikak?
Euskararekin bat egiteko aukera, euskaldun izatea eta euskaldunon eskubideak bermatzeko borroka horretan nirea eta gure proiektuaren alea jartzea.