CAFen Israelerako tranbiak pinturarekin hondatu dituzte

Guaixe 2026ko ekainaren 3a

CAFen tranbiak pintura gorriz. ARGIA

Egileek enpresa, instituzio eta alderdi "konplizeen" gaineko presioa mantentzeko beharra mahai gaineratu nahi izan dute, eta hilaren 13an "kaleak hartzera" deitu dute.

Vicuña Logistics enpresak Ziordiko industrialdean logistikara bideratutako pabiloiak eta zelaia ditu. Han CAF enpresan egindako tren eta tranbiak daude. Hainbat ekintzaile zelaira sartu eta Israelera eramatekoak ziren tranbien muturretan pintura gorria bota dute. Horrekin batera, "CAF konplize" edota "Israel suntsitu" pintaketak egin dituzte tranbideetako kristaletan. Eta hainbat kristal hautsi dituzte. 

Ekintzaileek adierazi dutenez, "oraindik akaberarik ez duen Gazako genozidioaren aurrean, inpotentzia sentiarazi nahi diguten garaiotan, ekiteko beharra sentitu dugu". Gaineratu dutenez, "kusi dugu non gordetzen dituzten Tel Avivera doazen CAFen tranbiak, hebreeraz baitzeuden, eta horren aurrean ez gara pasibotasunean gelditu. Ekimena hartu eta erabakitasunez jardun dugu". 

Azaldu dutenez, "askotan entzun izan dugu euskal trenbide enpresak kolonialismo sionista indartzen duten trenak ez dituela Euskal Herrian ekoizten, baina azken hilabeteetan gutxienez, hemengo errepide, portu eta biltegietan dabiltza". Eta, "horren aurrean, CAFen eta gainerako enpresa, instituzio eta alderdi konplizeen aurrean presioa mantentzeko beharra mahai gaineratu nahi dugu ekintza honen bidez". 

Deialdiak 
CAFen urteroko akziodunen batzarra egingo dute garagarrilaren 13an. Horregatik, Palestinarekin Elkartasunak manifestazioa antolatu du Beasainen aipatutako eguneko 12:00etara. Bestetik, BDZ mugimenduak CAFen egoitzen inguruan mobilizazio antolatu ditu garagarrilaren 6tik 13ra.