13. Ziordiko Lasterketa Solidarioa ekainaren 13an jokatuko da, larunbatarekin. Ziordiko Running Taldeko Jose Ramon Ramirez da probako arima. Lanean dago buru-belarri.
Zer moduz joan da izena ematea?
Ongi. Ekainaren 12an goizean itxiko dugu izena ematea, ziordirunningtaldea webgunean. Momentuz 180 helduk eta 50 haurrek eman dute izena, eta oso kontentu gaude. Iaz jende gutxiago egon zen, data aldatu genuelako. Aurten aurreko urteetako kopurua mantendu dugu, eta hori, gaur egun, asko da, lasterketak asko jaisten ari direlako. Parte hartze kopuru hori izatea urtero gustura sinatuko nuke. Nolanahi ere, Ziordia herri txikia da, eta ezingo genuke kopuru askoz ere gehiago hartu. Dena den, norbait azken unean animatzen bada lasterketa egunean 15:30etik 17:00etara izena eman dezake, baina aurretik egitea komeni da, korrikalarien opari poltsak eta beste prestatzeko.
Ziordiko lasterketa solidarioak Markel Carmona gaztea laguntzen jarraitzen du.
Markelek GNA01 gaixotasun ultra arraroa du. Abuztuan 19 urte beteko ditu eta fisioterapia eta bestelako laguntza ugari behar du. Urtean behin hilabete bateko tratamendua du Madrilen, eta 5.000 eurotik gorako aurrekontua da. Ziordiko Lasterketa Solidarioan diru hori lortzea da gure helburua. Zozketa egiten dugu, eta dagoeneko 4.700 txartel saldu ditugu, kopuru handia. Banago lasterketaren egunean helburua gaindituko dugula. Zozketan 62 sari zozketatuko ditugu.
Izena ematearen truke Paris 365 jantoki sozialerako elikagaiak biltzen dituzue.
Ziordiko Lasterketa Solidarioa antolatzen hasi ginenetik egiten dugu Paris 365en aldeko elikagai bilketa. Helduen proban parte hartuko dutenek 4 kg elikagai ekarri beharko dituzte, eta haurren kategoriakoek 2 kgr. Urtero 1.000-1.500 kg elikagai jasotzen ditugu. Jantokikoek asko eskertzen dute, ekarpen bikaina baita; jasotakoarekin denboraldi batez jende asko elikatu dezakete, eta hori da helburua. Duela 13 urte hasi ginenetik 18.000 kilo elikagai bildu ditugu, eta 97.000 euro bildu, aurtengoa kontatu gabe. Ildo honetan, Tafallan areto futbol partida bat antolatu zuten eta 1.500 euro lortu zituzten Markelendako. Familia oso eskertuta dago. Bestalde, KmsxELA elkartea gizarteratzeko lana egiten dugu. Euren elkarteko jendea dator Ziordira korrika egitera.
Txikienen lasterketak 17:00etan hasiko dira, helduen proba 18:00etan, baina aurretik, 16:00etan, kronoigoera antolatu duzue lehenengoz. Kronoigoera?
(Kar-kar) Herriko kanpoaldean aldapatxo bat dago, lautada faltsua deritzoguna, ez baita laua, 400 metroko aldapa baizik. Lasterketan oso famatua egin da, eta zerbait ezberdina egin eta probari bizitasuna emateko, 400 m horiek banaka igoko ditugu lasterketa baino lehen. Ea zer ateratzen den! Helduen proba betikoa da, 6,8 km-koa, eta lehenago, 17:30ean, 2,2 km-ko oinezko martxa abiatuko da. Korrika egiten ez duen jendeari egunean parte hartzeko aukera eman nahi zaio martxarekin. Batzuek oinez, besteak korrika... egun polita izaten da. Bukaeran, 19:00etan sari ematea eta segidan merendu ederra izango dugu.
Zer moduz doa prestakuntza?
Gutxi gorabehera dena kontrolatuta dago, urte asko dira. Ilbeltzean hasten naiz babesleak lotzen. 105 babesle ditugu, eta Markelen zozketarako beste 40. Asko dira, lan handia dago atzean, eta oso eskertuta nago.
Ziordiko probatik korrikalariei zer gustatzen zaie gehien?
Gehienak kanpokoak dira, laguntzen ditugun elkarteetatik etorritakoak: Madril, Burgos, Valladolid, Aragoi, Katalunia... Zenbaitzuek urtero errepikatzen dute. Lasterketan dagoen giroa eta merendua nabarmentzen dute, eta herria eta ibilbideko paisaiak: parkea, mendia, kalexkak... Asko asteburu pasa datoz, ibarrari bizia ematen diote. Sakandarrak gutxi animatzen dira, gustatuko litzaidake gehiago hurbiltzea.
13 urte lasterketa antolatzen. Segitzeko prest?
Aste honetan ezetz esango nizuke, baina ongi ateratzen da, ekimen sozialetarako dirua lortzen dugu, eta momentuz, aurrera egingo dut. Hori bai, laguntzaileren bat ongi etorriko litzaidake, lan handia delako.