Derrigorrezko Larrialdi Planeko lanak egin dira Urdalurren

Guaixe 2026ko uztailaren 20a

Hormigoia kamioitan eraman zuten.

Telekomunikazio eta energia azpiegiturak, eta arriskuaz gaztigatzeko sirenak.

Presak azpiegitura kritikoak direnez, bakoitzak bere larrialdi plana behar du. Araudiaren arabera Urdalur A mailako uharka da. Hau da, presa hausteak herri edo hirietan eragin larria izan dezake, funtsezko zerbitzuak arriskuan jar ditzake (errepide nagusiak, azpiegitura kritikoak eta abar), kalte materialak edo ingurumenekoak eragin ditzake eta, batez ere, pertsonen bizitzarako arrisku handia eragin. Uharkendako segurtasun arau teknikoak Presen Segurtasunerako Arau Teknikoek eta uholde-arriskuaren aurrean Babes Zibila Planifikatzeko Oinarrizko Gidalerroak arautzen dute.

Segurtasun planak lau atal ditu. Batetik, uharkaren haustura edo matxura arriskuak detektatzeko plangintza bat da. Bestetik, haustura edo matxura kasuetan urpean gera daitezkeen eremuak eta kalteen estimazioa zehazten ditu. Horiekin batera, egoera bakoitzean jarduteko jarraibideak zehazten dira. Eta, azkenik, beharrezko baliabide materialak eta giza baliabideak zehazten ditu.

Egitekoak 
Ebroko Ur Konfederazioak plana ezartzeko lanak 2025ean hasi zituen eta garagarrilarekin batera despeditzekoak ziren. Egindako lanen artean daude, batetik, lehen mailako larrialdietarako gela bat eta haren instalazio osagarriak jarri dira lehendik dagoen Administrazio Etxean. Bestetik, urtegiko ekipamendu etxola eta komunikazio sistema egin da. Aldi berean, komunikazio dorre bat eta irrati lotura bat jarri dituzte. Horien bidez Urdalur Ebro arroko Informazio Hidrologikoko Sistema Automatikoaren mikrouhinen lehen mailako sarean sartu da.

Gainera, uharkaren komunikazio eta kontrol ekipamendurako etxola bat eraiki da, baita multzo elektrogeno osagarri berri baterako etxola bat ere. Ekipamendu berri guztia urtegian aurretik zegoen sarean integratu da. Gainera urtegiko Transformazio Zentroko ekipamendu berria elikatzeko lanak egin dira. Eta, azkenik, herritarrak jakinaren gainean jartzeko bost sirena jarri dira. Horietako bi Altsasun. Lanek 1.015.640,79 euroko (BEZ barne) aurrekontua zuten eta Sociedad Ibérica de Construcciones Eléctricas SA enpresak egin ditu.

Bestetik, maiz urtegian eta bere eraikinetan mantentze lanak egiten dituzte. Esate baterako, sasiak garbitzea, galerietako iragazketak eta hezetasunak konpontzea edo hustubideetan mantentze lanak. Ebroko Ur Konfederazioko arduradunek jakinarazi dutenez, "epe laburrean" lan pare bat eginen dituzte: biltegi bat egitea eta estribuetan sasi garbiketa egitea, uharka hobeki ikusteko. 

Erlazionatuak