Igeriketaren eta igerilekuaren zale da Patxi Perkaz Goikoetxea ziordiarra. "Igerilekuak mustu zirenean uste dut 16 urte nituela, beraz, duela 51 bat urte izanen zen. Ordutik ez dut uda bat bera ere hutsik egin. Ezta emazteak ere".
Hala ere, igerian ibaian ikasi zuen ziordiarrak: "La Raiz deitzen genion putzutxo bat zegoen eta hara botatzen ginen. Bi metroko zabalera izanen zituen, eta ez genuen hondoa jotzen. Argi ibili beharra zegoen. Txakurren moduan igeri egiten justu-justu iristen ginen beste aldera. Han ikasi nuen igerian". Azaldu zuenez, ondoren Eginoko presak egin zituzten. "Hara asko joaten ginen, karramarroak, amuarrainak eta beste arrantzatzen genituen. Egun osoa urpean ematen nuen. Jateko ez nituen nahi, baina amuarrainak harrapatzea gustatzen zitzaidan. Eguna ederki pasatzen genuen han".
Igerilekua udako gauzarik onena da: freskatzeko, osasunagatik eta lagunekin egoteko
Ziordiarrak azaldu duenez, ibai ertzean granjak eraiki zituzten. "Ibaira joaten zinen eta hura nahikoa zikin egoten zen. Uste dut granjetako hondakinak ibaira botatzen zituztela". Horregatik, eta Ziordian igerilekua egin zutelako, Perkazek ibaian bainatzeari utzi zion.
Ziordian igerilekuak zabaldu ondoren igeri egiten ikasteko ikastaroak antolatu izan dituzte, baina Perkazek ez du inoiz izenik eman. "Ibiliaren ibiliaz dakit igerian". Normalean, bular igeriketa edo crawl estilotan mugitzen da uretan ziordiarra. "Igerian ibilita, ni askoz hobeto sentitzen naiz. Gainera, herrian. Jendea ezagutzen duzu. Elkar agurtzea eta hitz egitea, hori niretako garrantzitsuena da".
Egonaldia
Ziordiko igerileku saioak garagarriletik agorrilaren akaberara arte irauten du. Perkaz igerilekuaren esparruan 13:00etatik 16:00etara egoten da. Eta tarteka uretara doa. "Beroa sentitzen dudanean, edo nahi dudanean, uretan sartu eta bost edo hamar minutu egoten naiz. Atera eta tabernako terrazara etortzen naiz. Lagunekin hizketan egon eta, atzera ere, uretan sartzen naiz. Sartu-atera, hala ibiltzen naiz", esan du ziordiarrak. "Batzuetan igerilekuan bazkaltzen dugu emazteak eta biok".
Azaldu duenez, bera egoten den tartean igerilekuko esparruan ziordiarrak egoten dira. Batzuk eguzkia hartzen egoten dira, tabernako terrazan edaten besteak. Jaioberriekin joaten diren amak ere badaudela azaldu du. "Gainera, lehen etortzen ez ziren kuadrillako bi aurten etortzen hasi dira. Horrela, askoz hobe".
Igerilekuan sartzeak badu "zeremonia" bat aurretik: arropa kendu, bainujantzia jantzi, dutxatik pasa igerilekuan sartzeko... Ziordian ez da txanoa jartzea beharrezkoa. Baina esparruan bainujantzia jantzita egoten denez, batzuetan zuzenean sartzen da igerilekuan. Bera igerilekuan dagoen bitartean bainua hartzen edo igerian "jende gutxi" egoten dela azaldu du Perkazek. "Askotan emaztea eta biok bakarrik egoten gara", jakinarazi du. Gaineratu duenez, "jendea igerilekura etortzen ez delako erabat harrituta nago. Ongi daudenak eta gustatzen zaiena ez etortzea... Ezin dut ulertu! Ez dakit ez etortzeko zein arrazoi duten. Behin eta berriz esaten diet igerilekura etortzeko, aprobetxatzeko. Igerilekua udako gauzarik onena da. Bai freskatzeko, bai osasunagatik, bai lagunekin egoteko. Primerako igerilekua da Ziordikoa".
Gaineratu duenez, "gazteak arratsaldean egoten dira. Batzuk Iturmenditik ere etortzen dira". Igerileku sasoian ia-ia egunero han izaten da Perkaz. Salbuespen egunak dira euria egiten duenean, sanferminetako egunen bat edo bestelako arrazoiak.