Ez dute hats berorik, ezta ganadutegirik ezagutzen ere. Ziordiko gaueko entzierroko zezenek kartoizko azala dute. Gaztetxetik ateratzen dira festa bete-betean, abiadura baino umore handiagoz: mozkorren entzierroa da. "Ez da benetako entzierro bat: kartoizko zezenak egiten ditugu eta Gaztetxetik ateratzen gara, txantxa moduan", azaldu du Xabier Bengoetxeak, Ziordiko herritar eta Gazte Asanbladako kideak.
Duela hamar urte sortu zen txantxa, baina ez dute urtero egin; gogoa dagoenean ateratzen dute. Igandean 02:00etan hamargarren urteurrena ospatu zuten; asteartean, ordu berean, azken entzierroa.
Biribiltzea
Baina, kartoizko zezenek ez dute irailaren 4tik 8rako festen erritmoa gidatzen, ezta pentsatu ere. Festetako egitarauaren zati handi bat Jai Batzordeari dagokio. Beste zatia ZI.G.A.ri. Gazteek beren jarduerekin biribiltzen dituzte festak.
Ostiralean, gazte poteoaren eta bazkariaren ondoren, bingoa egin zuten eta txupinazora joan ziren gero. 20:00etan Gaztetxeko Frontenis Txapelketaren bigarren edizioko finala jokatu zuten; 23:00etan, berriz, tekno gaua hasi zen, ibarreko hainbat artistekin batera, esaterako, Mikel Azpiazu, Morti, Guridi, Apao edo Deathbass DJ.
Larunbatean ElektroKela elektrotxaranga, Zopilotes Txirriaos taldea eta Muxutruk erromeriarekin jarraitu zuten festa. Eta astelehenean karaokearekin kantuan ibili ziren gaztetxean.
Gaztetxean Jai Batzordeak prestatutakoa aztertu, ideiak asanbladan proposatu eta aukerak elkarrekin neurtzen dituzte. "Denen artean erabakitzen dugu zer antolatu". Eta festak antolatzeko hilabete bat lehenago hasten badira ere; frontenis txapelketak, aldiz, hainbat hilabeteetako prestaketa dauka".
