Nafarroako legediak ezartzen dituen higiene eta osasun neurrietara egokitzeko, Ziordiko Udalak igerilekuan lanak eginen ditu. Zehazki helduen igerilekuaren sakonera txikitu eginen da, 1,9 metroan utziz. Horrek aukera emanen du igerilekuaren hondoan ura botatzeko ahoak eta ura hartzeko bi aho jarriko dira. Haurren igerilekua plisti-plasta ibiltzeko igerileku bihurtuko da, bere sakonera 35 cm-koa izanen baita. Bi igerilekuen perimetroan gainezka egiten duen ura jasotzeko kanalak eginen dira. Han jasotako ura berriro erabiltzeko modua izanen da. Horrekin batera, igerilekuak inguratzen dituzten hesiak lixatu eta margotuko dira. Gainera, igerilekuetarako sarbide ateak itxiak izanen dira, haurrak ez sartzeko.
Gainera instalazioen gela berria eginen da. Gela hori bi igerilekuen artean egonen da, lurpean. Han igerileku bakoitzerako arazte sistema bana egonen da. Egungo instalazio gela etorkizunean hustu eta gainontzeko zerbitzuen azalera handitzeko erabiliko du Ziordiko Udalak etorkizunean. Lanek 427.758,18 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute.
Datuak
Ziordiko igerilekuak 3.033,34 metro karratuko azalera du horrela banatuta: aldagela (124 m2), igerilekua (369 m2), zolatutako guneak (533 m2) eta lorategia (2.014 m2).