Espazio bat elkarte gisa egokituko du Zuhatzuk

Guaixe 2025eko uztailaren 28a

Etxe horren beheko solairuan Zuhatzuko elkartea egonen da. kontzejua

Kontzejuaren jabetza den lokal bat egokitzeko lanen deialdia egin du. Espazioak gaur egun beharrezkoak diren obrak behar ditu herriarendako gizarte zentro gisa erabili ahal izateko, egungo araudia betez

Zuhatzuko Kontzejuak San Martin kalearen 14. zenbakian eraikin bat du. Beheko goiko bi solairuetan etxebizitza bat du, egun alokatuta dagoena. Behekoan, berriz, elkartea egin nahi du. Hango instalazio guztiak zaharkituta geratu dira, eta ez dituzte betetzen ezarritako gutxienekoak, batez ere zerbitzu higienikoei, sukaldeari, aireztapenari eta isolamenduari dagokienez. Lanek 112.627,84 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Inbertsioari aurre egiteko Zuhatzuko Kontzejuak 60.000 euroko dirulaguntza lortu du Cederna Garalur elkartearen bidez. Kontratua bereganatzen duenak bost hilabete izanen ditu egitekoak despeditzeko, apirilerako eginda egon beharko dute. 


Zuhatzuko kontzeju etxea. KONTZEJUA

Gaur egun zuhatzuarrek plazan dagoen kontzeju etxea elkarte gisa erabiltzen dute, baina ez du sukalderik. Egokitu nahi den espazioaren azalera erabilgarria 79,60 m2-koa da, eta lokalaren azalera eraikia 103,75 m2-koa. Kontzejuaren nahia da aisialdi edo gizarte zentro bat sortzea, sukaldea, barra-gunea, komunak eta gainerako espazioan egongela eta jangela izanen dituena. Lorategirako sarbidea aprobetxatzea, bertan udan egoteko gune bat sortzeko, barrualdetik erraz iristeko moduan. Oro har, egin beharreko obrak espazioak birbanatzeko beharrezkoak dira, sukaldea eta komunak ia leku berean mantenduz, barra-eremu bat gehituz eta gainerakoak egongela eta jantoki gisa utziz.

Lorategira ematen duten leihoak handitu eginen dira eta zierreko fatxadan leiho bakarra egon beharrean hiru izanen dira. Gainera, lorategirako sarbidea egokituko da. Leiho guztiak berrituko dira.