Zuhatzuko gizarte egoitzako lanak aurrera doaz

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko uztailaren 27a

Festetarako zabaldu nahi lukete.

Kontzejua bere jabetzako etxe bat eraberritzen ari da.

San Martin kalearen 14. zenbakidun etxean langileak aurrera eta atzera ari dira azken hilabeteetan. Eraikinaren beheko solairua elkarte bihurtzeko lanak dira egiten ari direnak. Solairuak 79,60 m2-ko azalera du eta bertan sukaldea, barra-gunea, komunak, egongela eta jangela izanen dira. Lorategira ematen duten leihoak handitu dituzte eta zierreko fatxadan leiho bakarra egon beharrean hiru daude orain. Gainera, lorategirako sarbidea egokitu da. Leiho guztiak berrituko dira.

Herrian halako ekipamendu baten "premia handia" dago. Zuhatzuk ez baitu gaur egun tabernarik ez eta gizarte topaketarako beste espazio publikorik ere, eta horrek mugatu egiten ditu jarduerak partekatzeko, bilerak egiteko edo kultura eta auzo izaerako ekimenak garatzeko aukerak. Gizarte egoitza eginez, kontzejuak herriari toki irisgarri, ireki eta funtzio anitzetakoa emanen dio, herriaren bilgune nagusia izan dadin. Zentroak zuhatzuarrei aukera emanen die topaketak, kultura jarduerak, tailerrak, ospakizunak eta bestelakoak antolatzeko, parte hartzea sustatzeko eta herrian bizi diren pertsonen arteko loturak sendotzeko.

Lanak Nuevas Reformas Integrales Navarra enpresa egiten ari da eta haien truke 98.290,92 euro (BEZ barne) jasoko ditu. Obra finantzatzeko Zuhatzuko Kontzejuak Cederna-Garalur elkartearen 60.000 euroko dirulaguntza jaso du. Diru hori LEADER-PEPAC 2023-2027ren Partaidetzazko Toki Garapeneko Estrategia gauzatzeko laguntzetatik heldu dena. Laguntza horiek Europar Batasunaren eta Nafarroako Gobernuaren FEADER funtsekin finantzatzen dira.