Maiatzaren 22ra arte, Ziordiko liburutegian, Eskubide urratuen oihartzuna erakusketa ikusgai dago, Ongi etorri migratu eta errefuxiatu zikloaren barruan. Yolanda Beltza da erakusketaren egilea, eta maiatzaren 6an, asteazkena, 19:30ean, mustutze ekitaldia eginen dute.
Maiatzaren 6an, asteazkena, 19:00etan, Euskara, Atzera pausorik ez! elkarretaratzea deitu dituzte Andra Mari ikastolak eta Iñigo Aritza ikastolak, Etxarri Aranazko plazan eta Txioka haur ikastolaren aurrean, hurrenez hurren. Nafarroako Hezkuntza departamentuak gelak ixtearen erabakiaren aurrean, Nafarroako Ikastolak hainbat elkarretaratze eta mobilizazio deitzen ari dira. Besteak beste, Lodosako ikastolari eragingo dio erabakiak: "Auzi honetan ez gara ari ikastolen alde bakarir; Nafarroako hezkuntza komunitate osoaren alde ari gara. Nafarroa euskaraz josi nahi duten guztien alde". Ikastolak Nafarroa osoan euskarazko hezkuntza bermatzen duen sarea dela gaineratu dute: "Nafarroako euskaraz josten jarraituko dugu". Iñigo Aritza ikastolak maiatzaren 13an, asteazkena, 18:30ean, asanblada informatiboa deitu du, Iortia kultur guneko areto txikian.