Bakardade tragikomikoa

Guaixe 2014ko ots. 28a, 11:30

Tarima Beltzak bihar mustuko du Nunca fuimos héroes antzezlana, 20:00etan eta 22:30ean Altsasuko Iortia kultur gunean

Altsasuko Tarima Beltza antzerki talde amateurrak bere bosgarren antzezlana mustuko du bihar. Jon Barbarin zuzendariak antzezlana “tragikomedia sozial” gisa definitu du. Obrak publikoari pentsarazi eta disfrutatzeko bidea emanen diola gehitu du. Xabier Mendigurenen La noche de los héroes obran oinarrituta dagoen antzezlana eta Juan Manuel Herrerok eta Laura Laiglesiak egokitu dute.

Bihar Iortia kultur gunera joaten direnek bi familien istorioak ezagutuko dituzte. “Gizonezkoak lagunak dira. Batek enpresan aurrera egin du. Bestea betiko moduan gelditu da”. Gazte garaiko konpromiso abertzale politikoa apaldu egin zaie. “Seme-alabak dituzte. Nork bere bizitza egin du eta topo eginen dute orain. Pertsonaiengan “frustrazio kutsu bat” dagoela esan digu zuzendariak.

Barbarinek estreinaldiaren bezperan “urduritasun puntu bat” sentitzen dutela esan digu. “Obra entseatzen eman dugu eta orain publikoaren erantzuna behar dugu”. Entseguen bukaerarekin Barbarinek zuzendaritza utzi eta interpretazio fasean teknikari izanen da: “dagoeneko obra aktoreena da”.

Eszenografiari dagokionez, argiak erabiliz banatuko dute eszenatokia, bi etxe eta leiho bat irudikatzeko. Altzari gutxi batzuekin osatuko dituzte espazio horiek. Obraren zatirik handiena protagonista diren bi bikoteetako baten etxean gertatzen da, afaltzera biltzen direlako. Mahaiaren bueltan bilduko dira denak. Eszenatokiaren atzeko aldean “leiho” bat zabaldu dute eta handik bikoteetako baten alaba ariko da.

Incierto Troupe talde iruindarreko Josu Castillo da Tarima Beltzako kide berria obra honetan. Obran beste pertsonaia bat ere agertzen zen, Anartz, bikoteetako baten semea. Baina aktore faltagatik haren aipamena egiten dute pertsonaiek.

Pertsonaiak
Joseba (Juan Manuel Herrero). Milaren senarra. Gaztetan politikan oso sartua zegoen. Langile xumea. Ilusioak galduta, zapuztua sentitzen da.

Mila (Mertxe Herrera). Josebaren emaztea. Ospitalean lan egiten du. Egokitua. Goxoa da. Bera ere zapuztua dago: erlazioa, senarrarekin beti tira-biratan ibiltzen da.

Xabier (Josu Castillo). Arantxaren senarra. Enpresan gora egin du. Lanean gustura dago, baina emaztearekin tira-birak ditu. Nahiko bakarrik sentitzen da.

Arantxa (Marta Diego). Xabierren emaztea. Eroskiko kutxazaina da baina gehiago behar duela sentitzen du. Bizitzan zerbait lortu duela erakusteko dirua eta gauzak lortu dituela erakutsi beharra du. Baina sakonean oso bakarrik sentitzen da.

Irati (Natalia Martin). Arantxa eta Xabierren alaba. 16-17 urte inguru. Beti borrokan dago, gizarte honen kontra. Amak ez duela ulertzen pentsatzen du. Harekiko amorrua sentitzen du. Bakarrik sentitzen da.

Sasha (Amaia Mintegi). Arantxak etxeko lanak egiteko kontratatu du. Azken batean itxura egiteko kontratatu du. Errusiatik dator.