Natxo de Felipe: Otsoarekin eta musikarekin bihotz-ximikoak sentituko dituzu

Guaixe 2014ko mar. 26a, 09:30
Oskorriko kantaria Haize Berriak bandarekin ariko da Altsasun, larunbatean, 17:00etan eta 18:30ean

Sergei Prokofiev-en Peru eta Otsoa obra emanen du larunbatean Haize Berriak bandak. Emanaldian aparteko laguntzailea izanen du Sakanako musika bandak: Natxo de Felipe, Oskorri taldeko kantaria. Haize Berriak bandako kide batzuen eta kantariaren arteko elkarrizketa da honakoa.

Oskorri 1971. urtean sortu zenuten eta landalan aritu zarete orduz gero. Aldaketa haundirik ikusi al duzu jendeak euskara eta musikaren inguruan daukan filosofian?
    Jakina, dena aldatu da.
    Hasierako urteetan dena egiteko zegoen, eta bagenekien, argi eta garbi, guk egin ezik inork ez zuela eginen, beraz, dena esfortzu eta eskuzabaltasun handiz bururatzen zen.
    Egun, aldiz, balirudike dena errazago zaigula, dena eginda eman behar digutela, administraziotik edo zerutik, edo… baina, kasu!, gauzak ez daude batere samur egun ere!; musika ona egiteko, euskara normaldu eta hedatzeko bezalatsu, oraino lan handia dugu egiteke, horretan gauden guztion indar ikaragarria behar dukegu jarri aurrerantzean ere, ez gara deskuidatu behar.

Zer proiektutan zabiltza?
    Oraintxe Gabriel Aresti bizsitan izeneko kontzertu-ikuskizun berezi batekin gabiltza, maiatzean The Pub Ibiltaria eramanen dugu hainbat lekutara, tartean Iruñeko Teatro Gaiarren kantatuko dugu La Pamplonesa bandarekin, eta gerokoa geroak erranen du…, baina giroa ez da batere ona kultura kontuetarako, ez guretzat eta ez beste sortzaile eta artistentzat ere, ikusiko dugu ba.

Prokofiev-ek Peru eta Otsoa konposatu zuenean, kontu kontari jarri zituen musika instrumentu ezberdinak, umeek hauek hobe ezagutzeko asmoz. Zer iruditzen zaizkizu halako obra didaktikoak?
    Peru eta Otsoa oso berezia da, ene ustez, modu honetako obretan hoberena, baina badaude beste asko ere, Piccolo, saxo eta enparauak, Animalien ihauteria, Bremengo musikariak… , eta hauetan guztietan musikaren magia eta ipuinen fantasia primeran uztartzen dira, oso egokiak dira umeengan literatura eta musikarekiko gustua pizteko.

Zer iruditzen zaizu Peru eta Otsoa? Zein da gustukoen duzun pertsonaia?
    Beno, lehenengo eta behin aitortu behar da Prokofiev izugarrizko konpositorea dela eta, hortaz, obra oso-oso ona dela; haurrendako egin diren obretan, Saint-Saënsen Animalien ihauteria konposizioarekin batera, ezagunena eta hoberena.
    Pertsonaietan kutunena Aitona dut, fagotaren soinu arrastatuarekin oso ederki adierazten ditu bere arrangurak, haserreak eta kexak.

Zenbatetan izan zara lan honen narratzaile?
    Lehenbiziko aldia izanen da.
Egia erran, orain urte dexente dela, Euskal Herriko Ikastolen Elkartea lehendabizi eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa geroago, nirekin harremanetan egon ziren obra hau diskotan argitaratzeko, baina ez ginen ezertara heldu eta azkenean beste esatari batekin egin zuten; orain konturatu dira zein gaizki jokatu zuten, nik askozaz hobeto egiten baitut, kar, kar, kar…!

Emango al dizkiezu irakurleei kontzertu honetara joateko hiru arrazoi?
    Lehena, partituraren kategoria. Prokofiev beti, eta obra hau konkretuki ere, beti garantia da. Aukera hau ez da alferrik galdu behar.
    Bigarrena, Haize Berriak Banda. Bailarako Banda izatez aparte, azken urteetan, Luis Orduñaren batutapean, oso maila polita erdietsi dute, eta jartzen duten adoreak eta gogoak ongi merezi dute herritarren atentzioa, ez da faltatu behar.
    Hirugarrena, gozamena. Ez dudarik ukan, haurrekin zoazela ala haurrik gabe, primeran pasatuko duzu, zuk ere sentituko dituzu bihotz-ximikoak Otsoarekin eta Musikarekin.