Natxo de Felipek eta Haize Berriak bandak ipuin musikatu bat ekarriko digute

Guaixe 2014ko mar. 28a, 12:30
Larunbatean, 17:00etan eta 18:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean

Sergei Prokofiev-ek 1936an, hiru egunetan idatzi zuen Peru eta Otsoa obra. Adin guztietako haurrei zuzendutako ipuin musikatua da Oskorriko kantariak eta Sakanako musika bandak eskainiko dutena. Natxo de Felipe narratzailea izanen da eta Haize Berriak bandako musikariak kontakizuneko pertsonaiei arima emanen diete. Bi saioetan ipuina euskaraz kontatuko da eta testua gaztelaniaz proiektatuko da.

Prokofiev-en ipuin musikatuko protagonista Peru da. Gaztetxoa aitonaren etxean dago bisitan eta abentura bat izateko izugarrizko gogoak ditu. Arriskutsua delakoan, aitonak belardira bakarrik joatea debekatu egin dio Peruri. Ondorengoa musika bidaia baten zati da. Bidaia horretan agertzen diren pertsonaiak bandako instrumentuak irudikatuak izanen dira. Hala, klarineteak Peruren papera hartuko dute; oboeak ahatea izanen dira; klarinete bakarlariak, katua; txirulak, txoria; tibalak, ehiztariak; fagotak, aitona eta tropa eta tronboiak otsoarena eginen dute. 

 

Pertsonaiak

Peru

Peru gaztetxoari izugarri gustatzen zaizkio loreak, animaliak eta kanikak. Urtero-urtero, oporretan, bere aitonarengana joaten da egun batzuk pasatzera, Errusiako taiga ondoan dagoen etxolara. 

 

Katua

Nahiko izurria, egun guztia belar luze artean saltoka ibiltzen ohi da. Txoriren bat harrapatzea da bere ametsik zoragarriena. 

Txoria

Errusiako zuhaitzik altuenean bizi da eta ondoko belardira joaten da noizbehinka xixare bila. Airean txirinbuloak egiteaz gain, gogokoen duen gauza abestea da.

Ahatea

Oso berandu ikasi zuen igeri egiten, baina orain maiz egoten da edozein putzutan praktikatzen. 

Otsoa

Ausarta eta azkarra, belardi nagusian jaio zen orain dela urte batzuk. Bakarrik ibiltzeko ohitura dauka, ehiztari bila.

Ehiztariak

Urtean bitan elkartzen dira otsoak ehizatzeko asmoz. Peruren aitonaren etxolatik gertu dagoen herri batean bizi dira.

Aitona

Kazkarro xamarra da eta nahiko gorra. Perurekin xakean aritzea eta sutondoan lokartzea ditu gustuko.