Giro ederra Bargagainen

Guaixe 2014ko uzt. 21a, 14:30

300 pertsona bildu ziren Altsasuko Mendizaleak taldeak antolatutako LIV. Bargagaingo igoeran

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak LIV. Bargagaingo Igoera antolatu zuen igandean. Aldi berean, ekitaldia XLIV. mendi finalista izan zen.

Goizean goiz hartu zuten mendizaleek Bargagainerako bidea, Altsasuko Mendigoizaleak taldekoek suziria jaurti bezain pronto. “Hasieran zerua estalia zegoen eta jendeari kosta egin zitzaion mugitzea. Baina gero oso egun polita geratu zen” adierazi digu Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Fernando Bengoetxeak. Bargagainen 300 pertsona inguru bildu ziren, eta giro ederrean ospatu zuten eguna.

Sebastian Hualde “Txan”-ek meza eman zuen eta ondoren finalista ospatu zuten Altsasuko Mendigoizaleak taldekoek. Denboraldian egindako mendi igoeren errepasoa egin eta oroigarriak jaso zituzten. Jakina, auzate ederra egon zen bildutako guztiendako. Udalak 45 litro ardo jarri zituen festarako, zilarrezko katiluetan dastatu ahal izan zena. Horretaz gain, gazta, txorizoa, ogia eta beste ez ziren falta izan. Altsasuko erromeria eta festa guztietan bezala, zortzikoak ez zuen huts egin ekitaldian. Cruz Mari Martinezen txistu doinuei jarraiki atera ziren dantzatzera. Bitartean, bildutako gehienek argazkia atera zuten Bargagaingo gurutzean (1.156 m). Ondoren, bazter guztiak garbi-garbi utzita Altsasura jaitsi ziren.

053, zenbaki saritua
Altsasuko Mendigoizaleak taldeak urdaiazpiko bat zozketatu zuen Bargagaingo festan. Zenbakiarekin nahasmena izan da eta atzera ere zozketa egin dute mendi klubekoek. Zenbaki saritua 053 da. Zenbakiaren jabea jar dadila harremanetan Altsasuko Mendigoizaleak klubekoekin.