Dagoeneko zenbat dendarik eman dute izena ibarreko elkartean?
Sakana guztiko 52 dendarik. Irurtzun, Lakuntza, Etxarri Aranatz, Olatzagutia… Baina, jendea jabetzean elkartea zertarako nahi dugun, izena emateko urratsa emanen du. Ez baita soilik deskontuak egiteko.
Zein sektoreko dendariak elkartu zarete?
Elikadura, oinetakoak, burdindegiak… denetarik. Baina merkataritza mota guztia elkartzea nahi genuke. Sakanan pertsiana bat zabaltzen duten guztiak elkartean bildu nahi genituzke. Zenbat eta gehiago elkartu gero eta indar gehiago egin dezakegu. Merkea izanen da elkarteko kide izatea, 15 euro hilean.
Sektorearen ibarreko ordezkari litzateke elkartea?
Bai. Sakanako Mankomunitateak eta udalek euren erabakiak hartzerakoan elkartea kontuan izatea nahi dugu. Hainbat ekimen antolatzen dituen eragilea izanen baikara. Merkataritza arloan gu solaskideak izatea. Esaterako, azalera handiko banaketa enpresa baten eskaintza jasotzen dutenean, lehenik eta behin gu kontsulta gaitzaten.
Bestalde, Mank-en eta udaletan industria batzordea dagoen moduan merkataritza lantzen duen beste bat izatea nahi genuke. Ez berria; dagoen bati lotzea. Zeren, bestela, zuzenean alkatearekin hitz egitera joan behar izaten dugu, gaur egun inolako batzordeetan ez delako merkataritza lantzen.
Instituzioen eta gizartearen aurrean eragile izan nahi duzue?
Bai. ADEk lortu duen moduan. Sakanako Plan Estrategikoan parte hartu dugu. Erabaki gunean gaude. Mugitzen gara eta ideiak ematen ditugu. Azken batean, herriak bizirik mantentzen dituztenak dendak dira. Merkataritzarik gabeko herri bat, herri hila da.
Erronkarik?
Ostalaritza. Arlo horretan ari direnak jabetu daitezela elkartu beharra dagoela. Nire ustez, aldameneko denda edo taberna ez da nire konpetentzia.
Zein egitasmo duzue?
Stock azoka, azarokotea eta bestelako ekimenak denek elkarrekin antolatu nahi ditugu. Batzuk ekimen ibiltariak izanen lirateke. Urtetik urtera herri batetik bestera aldatuko dena. Horrela sakandarrek ikusiko dute bere dendak mugitu egiten direla eta aparteko eskaintzak egiten dituztela: haurrendako eskaintza, kale animazioa…