Ibarreko dendariak elkartuko dira

Guaixe 2014ko irailaren 12a

Bileran ADEko, Mank-eko eta Nafarroako Merkataritza Federazioko kideak izan ziren.

Dendari talde bat lanean dago eta gauzak ongi badoaz azarorako indarrean izanen da Sakanako dendariak  bilduko dituen elkartea.

Nafarroa guztian eremu handiena hartuko duen dendari elkartea izanen da Sakanakoa. Elkartearen sustatzaileen asmoa ibarreko merkataritza dinamizatzeko Sakanako dendariei babesa ematea da. Aldi berean, sustatu nahi dituzten ekimenak gauzatzeko aholkularitza jasotzeko bitarteko bat izanen da elkartea.

Dendarien elkartea sustatu dutenen iritziz, “herriko dendariak elkartzea aparteko garrantzia du. Elkarte berria udalen eta mankomunitatearen solaskidea izatea nahi dute, kezka eta merkataritza egitasmoak ezagutarazteko”. Sakanako Mankomunitateak Garapen Agentziaren bidez ibarreko dendariak batuko dituen elkartearen alde egin du. Ez soilik laguntza teknikoa emanez, baita ekonomikoa ere. Ekimena martxan jartzeko 3.000 euro eman ditu.

Orain arteko bidea
Altsasuko Dendari Elkarteko (ADE) zuzendaritzan argi ikusi zuten eurek herrian saltzen ez zutena jendeak ez zuela Sakanan erosten, Iruñean, Gasteizen, Donostian edo Goierrin baizik. Beste hausnarketa bat ere egin zuten ADEn: “sakandarrok ez dakigu aldameneko herrian zein eskaintza dagoen eta zuzenean kanpora erostera jotzen dugu. Eta agian bilatzen dugun produktu hori bideko herriren batean opatu dezakegu”.

Ideia maiatzean hasi zen gauzatzen, ADEko ordezkariak Sakanako Garapen Agentziarekin eta Nafarroako Merkataritza Federazioarekin harremanetan jarri zirenean.

Elkartearen bulkatzaileek ibarreko dendari guztien datuak euren kabuz jaso zituzten eta federazioaren bidez, garilean, bilerara deitu zituzten. Utzuganen, Sakanako Garapen Gunean, sektore eta herri guztietako dendariak elkartu ziren. Iker Manterola (Sakanako garapen agentea), Alberto Anguiano (ADEko presidentea), Elisabet Azkarate (federazioko kudeatzailea) eta federazioko bi teknikari izan ziren bileran.

Elkartu ziren guztiak beharrezko ikusi zuten elkarrekin lanean aritzea eta lehenbailehen ibarrerako elkartea sortzea. Are gehiago, Sakanako Garapen Agentziaren eta ADEren babesa kontuan izanik. Bileran behin-behineko batzorde bat sortu zen, elkartea sortzeko. Zortzikote bat ari da lanean. Batzorde horretan hainbat herrietako eta denda-sektoreetako ordezkariak daude. Gaur egun estatutuak idazten ari dira eta elkartea azarorako indarrean izatea espero dute. Gainera, azarorako aurreikusi dute elkarrekin eginen duten aurreneko ekimena.

Behin elkartea eratu ondoren, Sakana guztiko dendariak elkartuko dituen elkartea izanen da. Eta haren barruan, ADE egonen da; Altsasukoa ez baita deseginen; “indar gehiago emateko eta elkarlanean aritzeko”.


Harremanetarako
Sakanako garapen agente Iker Manterolarengana jo beharra dago: 674 146 472 edo garapena@sakana-mank.com.