Guardia Civilaren atzoko jarrera salatu dute

Guaixe 2014ko ira. 13a, 13:08

Festetako bezperan, atzo arratsaldean, Guardia Civila Foru plazan agertu zen eta altsasuar ugari identifikatu eta arakatu zituen. Batia hainbat tabernatan kontrolak eta miaketak.

Guardia Civilaren atzoko jarrera salatu dute prentsaurrekoan Altsasuko Udaleko alderdi guztiek UPN eta PP salbu. Eta haiekin batera agerraldian izan dira herriko hainbat kolektibotako ordezkariak eta tabernariak ere. Garazi Urrestarazu alkateak guztien izenean gaitzetsi egin du Guardia Civilek atzo altsasuarrekin izandako "jarrera bortitza eta oldarkorra".

Tabernetan egindako erregistro eta kontrolei dagokienez, aipatu dute langile eta jabeek jaso zuten tratua eta agenteen jarrera "gehiegizkoa eta beldurgarria izan zirela. Tabernetako bezeroak arakatu eta erretenitu zituzten. Guardia Civilak tabernen barruan hainbat legeren araberako kontrolak eta kontrol fiskalak egin zituzten".

Gaurko prentsaurrekoan aipatu dutenez, "festen aurreko egunean tabernariek lan karga handia izaten dute eta urteko irabazien puska handi bat jokoan daukate hurrengo egunetan". Salatu dute atzoko tabernetako miaketa batzuk luzatu egin zirela eta haietako batzuk taberna itxi behar izan zutela. "Bezero ugari egon zitezkeen ordua zen eta galera ekonomikoak sortarazi zituzten".

Deia

Udaletxe aurreko aldean elkartu diren guztiek adierazi dutenez, "festak bakean bizi nahi ditugu. Gure betebeharra elkarbizitzan eta normaltasunean oinarritutako herri batean bizirtzea da". Gaineratu dutenez, "Altsasu baketsu bat nahi dugu. Gure herritarrak ez dira gaizkileak. Elkarbizitzan oinarritutako festak behar ditugu". Guardia Civilari dei eginez bukatu dute: "gure herritarrak enpresariak eta gure herria bakean utzi. Aski da".