“Ikurren inguruan altsasuarrek erabaki behar dute”

Guaixe 2014ko aza. 17a, 10:56

Altsasuko eragile politiko, sindikal eta gizarte arlokoek ikurrinaren alde agertu dira Nafarroako Auzitegi Gorenak Altsasuko Udalari ikurrina kentzea eskatu eta gero.

Ikurren Legeak Espainiako bandera udaletxean jartzera behartu ondoren, otsailaren 23an Geure Ikurren Alde ekimenak Zelai kalean Altsasuko eta Nafarroako banderak eta ikurrina jarri zituen masta bakoitzean. Orduan esan zutenez, “bandera hauek ez dira kolektibo, instituzio ezta pertsona batenak ere. Bandera hauek herriak jarri ditu eta herriarenak dira”. Gaur emandako prentsaurrekoan ideia bera errepikatu dute ekimenetik.

Ikurrina kentzeko eskaera Nafarroako Gobernuak eraman zuen auzitegira. Gaurko prentsaurrekoan UPNren jarrera antidemokratikoa salatu dute: “gureak ez diren sinboloak inposatzen saiatzen den bitartean, gure ikurren eta sinboloen kontrako erasoak eta kriminalizazio kanpainak burutzen ditu uneoro”. Zelai kaleko ikurren inguruan, “altsasuarrei soilik dagokigu erabakitzea zer egiten dugun ikur hauekin”.

Geure Ikurren Alde ekimenaren prentsaurrekoan, Sortu, Geroa Bai, Aralar, Lab eta herri mugimenduko hainbat ordezkari izan dira, ikurrinaren presentziari babesa azaltzen.

Deiak
Ostiralean, 20:00etan, Burunda pilotalekuan herri batzarra deitu dute, “UPNren erasoari herri bezala nola erantzun erabakitzeko”. Aldi berean, Zelai kaleko masten ondoan, ostiralera arte, salaketa eta informazio gune iraunkorra sortu dute. Altsasuarrak gunetik pasatzera gonbidatu dituzte. Baita astean zehar eginen diren jardueretan parte hartzera ere.