Talde “sortu berria eta kaña emateko prest” dagoena da Frenetik. Laukote batek osatzen du taldea: Eneko Larrañaga (bateria, Txapelpunk eta Norelax ohia), Unai Olalde (gitarra, Eratu), Fonta (ahotsa, Kaotiko eta Kaos Etiliko ohia) eta Xabi Seco (baxua, Hesian ohia). Fontak Kaotiko utzi ondoren musikaren grina barruan zuen eta beste musikari aguraindar batekin hitz egin zuen, Olalde. Zenbait kantu prestatzen hasi ziren eta haiek borobiltzeko Larrañagarekin eta Altsasuko Secorekin jarri ziren harremanetan.
Secok udan utzi zuen Hesian. “Hasiera batean musikarekin atseden hartzeko asmoa nuen, baina aukera hau sortu zenean ezin izan nuen ezezkorik eman”. Irail hasieran talde berrian zegoen. Talde eta estilo aldaketa handia. “Nahiko handia, bai. Musika indartsuagoa da, ahotsak melodikoak dira Hesian-en bezala. Hard-core melodikoa eta punk rock-a, hor mugituko gara”.
Aguraingo lokalean astean bitan entseatzen dute. “Hasieran kantak prestatzeko kaña pixka bat gehiago sartu genuen, gutxiago orain. Zuzenekoak prestatzen ere ari gara”. Altsasuarra sartu zenerako kantuak nahiko aurreratuak zeuden eta haiei taldean itxura eta taldearen indarra eman diete, “talde ukitua”.
Abiadura handiko diskoa
Secok esan digunez, “nahiko frenetikoa izan da dena, hortik dator taldearen izena. Pentsatzen zutena baino azkarragoa joan zen. Ni sartu nintzenetik dena oso azkar izan da. Sei hilabetetan diskoa kalean dugu. Irailean sartu eta azaroan diskoa grabatzen zeuden. “kantuak ikasteko eta azken ukitua emateko denbora justuarekin, egurra emanez”.
Altsasuko Itxura estudioetan grabatu zuten Franek eta Fontak. “Emaitza oso ona izan da”. Secok esan digunez, diskoa “kanta azkarrek, indartsuek, melodikoek, kantatzeko aukera ematen dutenak” osatzen dute diskoa. Letrei dagokienez, “aldarrikapenekoak, zuzenak”. Hamar gaztelaniaz abestuak daude eta bi euskaraz. Guztiari Guillotina (Maldito Records) izenburua eman diote. Baxu-joleak azaldu duenez, “diskoko letren esanahia biltzen du. Egungo gizarte egoeraren isla dira eta uste dugu gillotinatik batek baino gehiagok pasa beharko lukeela. Herriak nahikoa da esan behar duela uste dugu”.
Ilbeltzaren 27an kaleratu zuten diskoa eta “pozik” daude jendearen erantzunarekin. “jendea harrituta dago bat-batean talde berria disko potentearekin… ongi”. Orain sortutakoa jendaurrean emateko garaia iritsi zaio Frenetik-i. Aguraingo estreinako kontzertuaren ondoren Altsasun emanen dute bigarrena bihar. “Nik aspaldi ez nuen gaztetxean jotzen, lagunen aurrean eta”. Ondoren aurkezpen birak Madril, Logroño, Andoain, Donostia, Bilbo, Gasteizera eramanen ditu. “Toki txikietan joko dugu, jendeak Frenetik zuzenean zer den ikus dezan”.