Suarezen haur liburu guztietan bezala, neskato bat da protagonista, nahiz eta “kasu batean, protagonistari izenik ez zion eman eta ilustratzaileak mutiko bat egin zuen”. Eta bai, protagonista ilegorria da. “Ebelina Mandarina idatzi nuenean eskatzen zuen. Morkotsek kaskagorria egin du, baina ez ni eskatuta. Nire protagonista gehienak kaxkagorriak dira”.
Oraingoan Agurtzane da protagonista, “baina hain txikia denez, Agur deitzen eta agur, Agur esaten diote”. Suarezek esan digunez Agur egoera “txar” dago: “gurasoak banatu egin dira eta nahiko deseroso dago. Ez da egoera berrira ohitzen. Momentu txarretan, haserretzen denean, gaizki dagoenean… hain txikia denez, badu abilezia bat: ezkutatzea”. Indarra edo laguntza beste batzuk emanen diote, Ebelinarekin gertatu bezala.
Iñigo Aritza ikastolarekin lotura duten bi pertsona aipatzen ditu idazleak liburuan: “Higinia zena eta andereño Idoia. Kasu honetan ateratzeko baimena eskatu nien Higiniaren familiari eta Idoiari”. Berak ikasi zuen ikastola agertzen dela eta Suarezek esan digu lan guztiek “autobiografikotik pixka bat” dutela.
Morkots ilustratzaile
Zazpi lanetan beste horren beste ilustratzaileren irudiek laguntzen dute Suarezen haur literaturako lanak. Azken honetan Jose Mari Morcillo, Morkots, altsasuarra izan da ilustratzailea. “Idoia eta Higinia ezagutzen zituenez egokia zelako proposatu nion argitaletxeari eta onartu egin zuten”. Ilustratzaileekin lan egitean “gaizki moldatzeko” aukerarik ez duela azaldu digu idazleak: “gure lana bukatzean hasten da haiena. Gu ez gara horretan sartzen. Editoreak koordinazio lana egiten du. Ilustrazioak argitaletxeak bidali dizkit eta ez Morkotsek, nahiz eta laguna eta ezaguna izan”.
Ilustratzaile aldaketez galdetuz, “ez naiz batere fidela” azaldu du barrez Suarezek. Argitu digunez, bi gauza egiten saiatzen da: “ilustratzailea aldatzea. Baita argitaletxea ere”. Hautaketaz galdetuta argitu du: “kasu batzutan aukeratu dezakegu, baina beste batzutan argitaletxeak erabakitzen du zein jarri”.
Joan den urtean Peru Abarka saria irabazi zuen Suarezek Zerua berun (2014, Ibaizabal) lanarekin. Maite Mutuberriaren irudiekin argitaratu zen helduendako album ilustratua, baina liburu-dendetan haur literatura sailean dago.
Etor bidea
Haur literaturan etor bidea “uste gabean” sortu du Suarezek: “lehiaketa batera aurkeztu nintzen eta horrela hasi zen dena”. “Haur literaturan zirkuitu bat dago eta argitaletxeek beraiek zerbait baduzu bidaltzeko eskatzen dizute. Enkarguak ere izaten dira. Gertatzen da idazten duzunetik argitaratzen den arte denbora asko pasatzen dela eta ahaztu egiten zaizula”. Haur literatura “oso entretenigarria da”, poesia baino “atseginagoa” da. “Baina beti esaten dut, nik uste poeta hobeagoa naizela narratzailea baino”.
Haur literaturako uzta
Ebelina Mandarina (2010, Elkar),
Nobio bat nire amarentzat (2011, Elkar),
Muxurik nahi (2011, Mensajero),
Krispeta hegalariak (2012, Elkar)
Erikaren ttilikak (2013, Aizkorri)
Lorentxua (2013, Arbizu 1813-2013 herri ekimena)
Agur, Agur (2015, Erein)