Uxue Barkosen eskutik Altsasuko Geroa Bairen zerrenda buruaren aurkezpena egin dute gaur. Bai parlamenturako zerrenda buruak bai Altsasuko alkate-gai Javi Ollok, “norberaren printzipioak mantenduz ezberdinen arteko akordioa” aldarrikatu dute. Altsasu bezala, udal berria anitza izanen dela adierazi du eta akordioaren ideia errepikatuz “batzen gaituen Altsasu da” esan du.
24 urteko alkategaiak politikaren apologia eginez hasi du bere hizketaldia, beharrezkoa dela aldarrikatuz. Aipatutako ezberdinen arteko akordio hori erregeneraziorako tresna izan behar duela nabarmendu du. Altsasuko Geroa Baik bere zerrendan erregenerazioa eman dela nabarmendu du Ollok: “berritu egin dugu, baina esperientzia ere badago, eraginkortasuna mantentzeko”. Udal programan, kontratua deitu dio Ollok, garapen sozio ekonomikoa, pertsonen arrisku egoerak eta gardentasuna eta parte-hartzea oinarri izanen direla aurreratu du.