Bandaren proiektua kontzertuak, film labur batek eta disko baten grabazioak osatzen dute. 30.000 euroko aurrekontuari aurre egiteko mezenas izatera gonbidatu dute
Haize Berriak bandak Enrike Zelaia, XX. mendeko Euskal Herriko musikari eta artista ospetsuenetariko bat omentzeko Zatoz, agur! emanaldia prestatu du. Kontzertu hutsa baino gehiago da, Haize Berriak banda sortu duen proiektu handiena bihurtu baita. Larunbateko emankizunean 200 bat artistek parte hartuko dute. Zelaia omentzeko proiektua Zatoz, agur! izenburua duen film laburrarekin eta disko baten grabazioarekin osatuko da.
Emanaldiaren ideia bandako zuzendari Luis Orduña eta Joseba Salegi zinema zuzendari altsasuarraren duela sei urteko hizketaldi batean du oinarria. Bitarte horretan omenaldia zena proiektu “erraldoi” bihurtu arteko garapena izan du.
Kontzertuaz
Sei piezek osatuko dute larunbateko errepertorioa. Emanaldia bandako kide zen eta hil zen Esther Irisarriren omenez enkargatutako Variaciones Agur Jaunak obrarekin abiatuko da. Eta bandak eskatutako azken obraren moldaketarekin despedituko da emanaldia: Enrike Zelaiaren Xuberoa, Rapsodia Vasca. Castellongo Oscar Senenek banda eta akordeoirako egokitu du. Orduñak azken horretan azaldu duenez, “Zelaiaren obra handia da. Bere obretan orkestrarakoena da”.
Bandako zuzendariak gogora ekarri duenez, Haize Berriak bandak 15 bat obra mustu ditu. “Banda eta akordeoirako partitura gutxi daude eta tokia egin diogu akordeoiari hainbat obretan, lehengotik hasita”. Hala, akordeoian oinarritutako errepertorioa izanen da omenaldikoa. Fran Idaretaren Taupadak ikuskizuneko Lingua navarrorun obra berreskuratu dute. Joselu Anaiak taldeko kide batek sortutako Sustraia obra mustuko da, musika eskoletako haur abesbatzendako.
Eta, horretarako, bandak Euskal Herriko akordeoilari handien laguntza izanen du. “Garaikidea, jazza… Akordeoiaren bide ugariak munduan barna zabaltzen ari diren musikariak ariko dira gurekin: Fran Idareta, Javier Ramos, Gorka Hermosa, Joxan Goikoetxea, Javier Lopez Jaso, Iñaki Dieguez”. Sona handiko Garikoitz Mendizabal txistularia ere izanen da kontzertuan.
Eta haiekin batera Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko musika eskoletako haur abesbatzak eta hiru herrietako abesbatzak. Bandaren 17 urteko ibilbidean Zelaiarekin batera proiektu batean ariko den aurreneko aldia izanen da.
Sakanako diaspora iruditan
Joseba Salegik omenaldiari izena eman dion film laburra, Zatoz, agur!, zuzendu du. Film laburreko protagonistak banda bereko musikariak dira. Xuberoa rapsodia musika du oinarri eta pieza bera da soinu-banda. Horregatik, aldi berean, musikariek hura interpretatzen entzun eta pantailan antzezten ikusteko aukera izanen da.
Agur, Zuberoa lelo ezaguna duen piezan Zelaiak joan den mendean Zuberoatik Parisera izan zen emigrazioaren berri ematen du. Orduñak dioenez, “Rapsodiaren bariazio ezberdinetan bere oroimenen emozio-maila deskribatuz doa, unerik gorenean bere agurraren onartzearekin bukatzeko”. Salegik “zerbait historikoa egin beharrean” kontakizuna Sakanara ekarri du, “gaur egun gure ibarrean gazteen emigrazioa gertatzen ari delako”.
Hori bandarekin islatu nahi izan du, bandako kideak aktore bihurtuz. “Bandako protagonistak bere une historikoan kokatzen ditut eta, aldi berean, Altsasuko erreferentzia kulturalek protagonismoa hartu dute. Azken horietan Zelaiak utzitako arrastoaren aitortza ere badago”. Film laburraren izaera musikala nabarmendu du Salegik. “Larunbatean soilik irudia emanen da eta bandak zuzeneko musika jarriko du. Erronka bien arteko sinkronia izanen da”. Film laburraren ekoizpenean aritutako Josu Rubio bandako kideak esan digunez bandako kide gehienak agertuko dira pantailan.
Diskoa
Larunbateko errepertorioa disko batean jaso nahi du Haize Berriak bandak. Grabazio estudiora sartuko da banda. Nola gauzatu aztertzen ari dira orain.
Aurrekontuari aurre egiteko mezena premian
Kontzertua, film laburra eta diskoa. Hiru horiek aurrera eramateko 30.000 euro inguru behar ditu Haize Berriak bandak. Aurrekontua estaltzeko bide bat sarrerak izanen dira. Baina nahikoa ez denez, mezenas bila abiatu da banda. Nafarroako Gobernuaren Mezenazgo Legearen Mecna zigilua lortu du bandak. Horren arabera Zelaia omentzeko proiekturako dirua ematen dutenek mezenas izendapena hartuko dute eta diru ekarpenagatik errenta aitorpenean diru desgrabazioa izanen dute.
Mezenasaren ekarpena Itzulketa errenta aitorpenean
50 euro 40 euro
100 euro 80 euro
150 euro 120 euro
+150 euro %40ko itzulketa
Enpresak
300 euro arte %30eko itzulketa
+300 euro %20ko itzulketa
Harremanetarako
Mezenas izan nahi duenak bandako kideren batekin hitz egin behar du. Bestela, bandahaizeberriak@hotmail.com e-posta helbidera idatzi dezake. Iortia kultur guneko harreran ere galdetu daiteke.
Egitaraua
Obra Egilea Interpreteak
Variaciones Agur Jaunak J. Vicente Egea Banda, Javier Ramos eta Garikoitz Mendizabal
Irribarrea Xabier Zabala Banda, Iñaki Dieguez eta Garikoitz Mendizabal
Sustraia JL Ruiz de Gordoa Banda, Javier Lopez Jaso eta haur abesbatzak
Alberto Glz Urroz orkestrazioa
Lingua navarrorum Fran Idareta Banda, Fran Idareta, Joxan Goikoetxea eta abesbatzak
Alberto Glz Urroz orkestrazioa
Xuberoa, rapsodia vasca Enrike Zelaia Banda eta akordeoilariak
Oscar Senen orkestrazioa
Joseba Salegiren Zatoz, agur! film laburraren mustutzea