Kulturarteko Zelandia

Alfredo Alvaro Igoa 2015ko mai. 7a, 19:49

Altsasuko eskolak gurasoei zuzendutako kultur arteko astea hartuko du astelehenetik aurrera. Ikasleek kultur aniztasunari buruzko jarduerak atzo eta heldu den asteazkenean izanen dituzte.

Zelandi ikastetxeko amen topaketa batean kultur artekotasuna lantzeko ideiari tiraka sortu da heldu den asteko Aniztasunaren Astea. Ikastetxeko ama talde handi bat gogotsu aritu da antolaketan, Gizarte Zerbitzuen eta Immigrazio Zerbitzuaren laguntzaz. Hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsonen arteko hurbiltzea eta erlazio pertsonalak sustatzea du helburuak asteak. Aldi berean, ikastetxeak berak duen kultura aniztasuna islatuko da.

Gurasoendako egitaraua
Heldu den astean, 15:00etatik 16:30era, Zelandiko gurasoek hitzorduak dituzte. Astelehenean munduko ospakizunak izanen dira hizketa gaia. Asteartean, munduko hizkuntza eta ikastetxeak. Ostegunean, munduko ipuin eta kondairak eta, despeditzeko, ostiralean, munduko jakiak.

Ikasleendako
Zelandiko ikasleek atzo eta heldu den asteazkenean kultur aniztasuna islatzen duten bost txoko izanen dituzte ikastetxean bertan. Guztiak ere haietatik pasako dira. Lehena haiek etxetik eramandako objektuekin osatutako erakusketa da. Objektuekin batera nongoa den eta bere erabilera azaltzen duen fitxa dago. Handi gertuko beste txoko batean zazpi gurasok txikienen izenak beste horren beste hizkuntzetara itzuliko dituzte, aukera dagoenetan behintzat.

Henna txokoan edertasun teknika horren inguruko azalpenak entzunen dituzte eta hennaz gorputz atalak nola margotzen diren ikusteko aukera izanen dute ikasleek. Ikastetxeko 440 ikasleek eskumuturreko bana eskuratuko dute laugarren txokoan. Bulgarian maiatzaren batarekin batera banatzen omen dira halakoak eta aurreneko zikoina ikusi arte ez dute kentzen.

Azkenik migrazioen mapen txokoa dago. Nafarroa, iberiar penintsula eta munduko hiru mapa jarriko dituzte eta ikasle bakoitzak bere sendiaren jatorria eta Altsasu lotu beharko ditu gometxa eta arien bidez. Familiak ibilitakoa islatuko da horrela. Hala ere, ikasleek euren ekarpena egin dute. Esaldi bat hainbat hizkuntzatan eman dute eta paretetan itsasi. Eskulanekin aniztasuna ere zabalduko du.