Adolfo Araiz presidente-gaia bertan zela Altsasuko EH Bilduk udalerako bere zerrenda aurkeztu du. Zerrendako gazteek Haizea Ramirez De Alda Pozuetak eta Iñaki Romero Torresek udal jardunean esperientzia faltaren aurrean herri mugimendutan eta elkarteetan duten eskarmentua aldarrikatu dute. Bestalde, gazteendako alokairu soziala eta Sakanan lanpostua izateko lan eginen dutela azaldu dute.
Arantza Bengoetxea Intxaustik alkate-gaiak, aldiz, duela lau urte “lekukoa arduraz hartu zuten” gazteak izan ditu gogoan lehenik. Legegintzaldi despeditu berritan errentaren araberako zerbitzu ordainketa indarrean jartzea eta udal zerbitzuak mantentzea eta haietako batzuen eskaintza zabaltzea aipatu ditu. Bengoetxeak parte hartzea sustatu beharra nabarmendu du, dela batzorde ireki, lan talde, foro eta dena delakoen bidez. Legegintzaldi honetan Festen Batzordean izandako parte hartze esperientzia udaleko beste batzordeetara zabaltzeko prest azaldu da. EH Bilduren programan agertzen diren “puntu irekien” gainean eztabaidatzera animatu ditu altsasuarrak. Bengoetxeak, azkenik, esan du Sakanako Plan Estrategikoa aurrera eramateko Altsasuk lokomotora izan behar duela.