Sustraien dantza eta arima

Guaixe 2015ko eka. 5a, 08:18

Larunbatean, 19:30ean eta 22:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean. Dantzarima dantza konpainia berriak bere estreinako muntaia emanen du: Sustraiak.

Disfrutatzea aterako dira bihar 13 dantzariak. Guztiek osatzen dute Dantzarima dantza konpainia, duela urte bat sortu zen. “Izenak dioen moduan arimaren dantza. Mugitze arima”. Irantzu Gonzalez dantza irakaslearen eta Dantzarimako zuzendariaren hitzak dira. Gonzalezek berak gaineratu duenez, “nire haurrei esaten diedan bezala: dantzatu lehenengo barrutik eta gero kanpora atera. Jendeari adierazteko, erakusteko denok barrutik nola dantzatzen dugun”.

13 kidek osatzen dute Dantzarima. Etxarriar bat ez beste guztiak altsasuarrak dira. “Altsasun dantza mugitzeko, dantza bidez adierazteko, pixka bat aldarrikatzeko” sortu zen dantza taldea. Dantza talde berriko kide batzuk aurretik Etorkizuna dantza taldea euskal dantzak ikasitakoak dira edota gimnasia erritmikoan arituak. Orain Gonzalezekin “dantza mota ezberdinak nahasten ditugu” esan digu Leirek.

Ikuskizuna
Dantzarima joan den urteko otsailean osatu zen, eta Sustraiak ikuskizuna apirilean lantzen hasi ziren. Urte beteko lanaren fruitua ikusgai izanen da, beraz, bihar Iortia kultur gunean.“Azkenean dantza mota guztiak nahasten ditugu ikuskizunean, baina oinarria dantza garaikidea” dela jakinarazi digu Gonzalezek. Hala, euskal dantza, erritmikoko zinta batzuk, baleteko hainbat gauza, flamenkoko besoak… “ahal dugun guztia” hartu dute ikuskizuna ontzeko Beak esan duenez eta aurreratu du saioko aurreneko dantza garaikidea dela.

“Obra bat sortzean dantzarekin, ikuskizunarekin publikoari zer eman nahi diozun pentsatu behar duzu”. Sorkuntzarako lehen abiapuntua hori dela argitu digu Gonzalezek. Dantzarimaren aurreneko obraren inguruan pentsatzen ari zela, “gure haritzekin zein indarra dugun. Gure ustez sakandar guztiendako sustraiak gure oinarriak dira. Gure sustraiekin. Nortzuk garen. Nondik etortzen garen. Eta gaur egun gure sustraietatik, naturatik kanpo gaudela”.

Eta Gonzalezen pentsamendu horretatik Sustraiak ideia eta ikuskizuna sortu zen.  “Bizitzeko, ura, sua, lurra eta haizea behar ditugula esatea da”. Horretarako mitologiara jo dute Dantzarimakoak eta dantza emanaldian lamiak, sorginak… agertzen dira. Haiekin berriro sustraietara hurbildu nahi azaltzen da. Dantzarako doinuen artean asko euskal musikarienak izanen dira: Lertxundi, Junkera, instrumentalak… Taldekideak dantzatzeaz aparte, zuzenean perkusioa jotzera ere ausartuko dira.

Segida
Adin eta maila ezberdinak dituzte dantza taldeko kideek. Batzuen azterketak bestearen lanak… horiek guztiak uztartu behar izan dituzte ikuskizuna aurrera ateratzeko. “Bakoitzaren prozesua eta bakoitzaren unea ulertzen, baina konpromisoa hartuta dutela gogoraraziz” aurrera egin dutela esan digu Gonzalezek. Horregatik, batzuk besteak baino gehiago dantzatuko dute. “Taldearekin oso pozik nago, oso gustura ari gara”.

Irantzurena izan zen taldea sortzearen ideia. “Baina ez ikuskizun bakarrerako, konpainia gisa segida izateko baizik. Beraz, aurrera segituko dugu”, ziurtatu du Leirek. Gonzalezek azaldu duenez, “nire lehen helburua nahi duen jende guztiak dantza egitera etortzea da. Beraz, jende berria sartzeko ateak zabalik egonen dira”. Hau bukatzean hurrengo obra prestatzen hasiko dira: “urte bat behar baitugu dena prestatzeko”. Sartzen diren berriak, eskola gisa sartuko dira, “ikasten. Eta prest daudela ikusten ditudanak ikuskizunean izanen dira”.

Beak, azkenik, nabarmendu nahi izan du: “guk dantzatu egiten dugu. Baina atzean gu laguntzen jende pila bat dago: arropa, makillajea… ikusten ez den lan handia dago atzean. Eskerrik asko esan beharra diegu gure gurasoei, bikoteei…”  

Taldekideak
Beatriz Morales Perez, Leire Bujanda Moro, Loreto Agirre Jara, Maider Lazkoz Merchan, Amaia Karasatorre Claver, Asier Urizar Ramos, Jenny Domingo Oraa, Yolanda Otxoa-Aizpurua, Naiara Pérez Iñurritegi, Miriam Gonzalvez Palop, Nerea Arguelles Iriarte, Igone Augusto Fernandez, Paula Urabaien Otxoa-Aizpurua eta Irantzu Gonzalez Azpiroz.