Elkarteak sustatzen dituen hiru sektoreak jasotzen dituen logotipo baten alde egin du Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteak. Bi poltsek dendak eta zerbitzuak irudikatzen dute eta marra fin urdinak ostalaritza. Guztiak elkarrekin, “elkartea baitira” Saioa Lizarraga egileak azaldu duenez. Elkarteko kideek proposatuta kolore aldaketa txiki bat egin du Lizarragak. Aurrerantzean elkarteak antolatutako ekintza eta jarduera guztien irudia izanen da logotipo hori.
Lizarraga Inprimatuen eta Multimedia-Argitalpenen Diseinu eta Edizioko ikaslea da. Bigarren mailari ekinen dio udazkenean. Irabazi duen lehen lehiaketa da eta pozik hartu du albistea. Elkartera kidetutako establezimenduetan gastatzeko 200 euroko balioa duen txartela irabazi du. Berak, bestalde, ostalaritzarekin lotura handia du, gurasoek Altsasun taberna baitute.
Asmoak
Sakanan tokiko merkataritza sustatu eta ekimenak martxan jartzeko sortu zen joan den udan Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkartea. Bere helburua denborarekin eta proposatutako ekintza eta kanpainekin hiru sektoreetako ordezkari bihurtzea da. 42 kiderekin abiatu zen eta 53 dira gaur egun (Irurtzun, Lakuntza, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutikoak). Azken horiek kide ez diren establezimenduetako jabeekin jartzeko asmoa dute, elkartearen abantailak azaldu eta kide izatera animatzeko. Ziurrenik udan emanen diote bultzada kanpaina berriari.
Tania Ganboa Saez de Andana presidenteak jakinarazi duenez, sakandarrak tokiko establezimenduen garrantziaz jabetzeko irailean sentsibilizazio eta kontzientziatze kanpaina eginen dute. Horretarako, eskoletan haurrendako hitzaldiak eginen dituzte. Helduendako saioak kultur etxeetan izanen dira. Udazkenerako, bestalde, merkataritzako sustapen kanpaina iragarri dute. Opari eta deskontu txartelen kanpaina indartsu bat eginen dute kidetutako establezimenduetan, “bezeroei euren fideltasuna eskertzeko asmoz”.
Guaixe astekarian
Hilero elkarteko establezimenduek Guaixe astekarian deskontu txartelak argitaratzen dituzte. Iragarki bateratu horretan gehienez 10 establezimenduren deskontu txartelak daude. Irakurleek haiek moztu eta dendan aurkeztuta deskontu zuzena baliatu dezakete. Deskontu txartelak ez dira metagarriak.