Altsasuko festak 2015

Sexu erasorik gabeko festen alde

Guaixe 2015ko ira. 7a, 13:19

Emakumeen kontrako indarkeriaren adierazpenetako bat dira sexu erasoak. Emakume izate hutsagatik euren integritatearen kontra eta haien independentzia ukatzen duten jokabideak dira: irainak, ukitzeak, jazarpena, baita kolpeak eta bortxaketak ere.

Altsasuko Udaleko Emakumearen eta Berdintasunaren Batzordeak sexu erasorik gabeko festak nahi dituela azaltzeko jendaurreko ekitaldia egin eta kanpaina aurkeztu zuen ostegunean. Helburua, batzordeko buru Arantza Bengoetxeak azaldu zuenez, “altsasuarrak festetan begirunez eta berdintasunez jokatzea da, inolako eraso sexistarik gabe”.

Egiteko hori erakundeen eta herritarren elkarlanean lortzeko esparruak azaldu zituen. Batetik, “sexu erasoak ezabatzeko ezinbestekotzat jotzen dugu instituzioen lana. Gure kasuan, udalaren lana prebentzioa, harrera eta salaketa egitea da.” Baina sexu erasoen kontra herritarren lana ere “ezinbestekotzat” jo zuen. Bengoetxeak azaldu zuenez, emakumezkoen lana da: “argi izatea guk baino ez dugula erabakitzen zer gustatzen zaigun, zerk gogaitzen gaituen eta zerk erasotzen gaituen”. Gizonezkoen egitekoa, bestetik, “erasoen kide ez izatea eta <ezetza ezetza da> ere esatea” litzateke.

Bideoa
Kanpainaren parte da hainbat bideren bidez zabalduko den bideo laburra. Hartan makina bat altsasuarrek, taldek eta erakundek sexu erasoen kontra mezuak luzatzen dituzte. Bilgune Feministako kideak egin dute hura. Batzordeko kideek bideoa egiteko eskainitako elkarlana eskertu dute.

Festei begira, mezua zabaltzeko, bestelako neurriak ere iragarri dituzte: sexu eraso baten aurrean nola jokatu azaltzen duen esku-orria zabaldu; peñen bidez esku gorria irudikatzen duen 1.000 pin banatuko dira; sexu erasoen kontrako mezua duten aho-zapiak banatuko dira taberna eta elkarteetan; larunbata arratsaldean, plazan, informazio puntua jarriko da eta udaltzaingoaren zerbitzu etengabea.