Irurtzungo esperientziaren jakitun, Altsasuko herri mugimenduko kideak Munduko Arrozak ekimena festetara ekartzea pentsatu zuten. “Altsasun bizi garen kultura ezberdinak hartuko lukeen jarduera bat nahi genuen. Kulturak eta altsasuarrak elkar ezagutzeko”, argitu digu Eider Leozek.
Horregatik, jo zuten Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzura eta Bego Zestau Baraibarrek ideia “pozik” hartu zuen. Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin batera ekimena aurrera ateratzeko lanean ari dira denak. Altsasuarrei parte hartzea eskatu eta eskaini diete. Munduko Arrozak egin edo dastatzeko. Ideiarekin bat egin dute hainbatek dagoeneko.
Zubeztiako karpatik pasatzen denak henna tailerra eta Youssef Kejji bereberear abeslaria kantuan izanen dira, bestelakoekin batera. Sentsibilaziorako txokoa izanen da ere. Arrozak egin ondoren, nahi duenak munduko zaporeak, mundua dastatzeko aukera izanen du. “Kulturen arteko hurbilpen keinutzat” du Zestauk asteartekoa.
648 070 710
Telefonoan eman behar da izena, ostegunera arte (Bego). Izan ere, antolakuntzak arroza prestatzeko mahaiak eta suak jarriko ditu. Dagoeneko ziurtatuta dago Ganbia, Maroko, Senegal, Venezuela, Bulgaria eta Altsasuko taldeak ariko dira arroza jendaurrean prestatzen.