Ikusgarria eta emozioz betetakoa izan da Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako afizionatuen mailako Altsasuko 86. Txirrindularitza Proba. Lasterketak Euskaldun Torneo prestigiotsua erabakitzen zuen eta lehia oso estua izan dute Jorge Azanza txirrindulari ohi altsasuarrak zuzentzen duen Euskadi Fundazioak, Lizartek eta Alberto Mazkiaran altsasuarrak zuzentzen duen Rural Kutxa talde sakandarrak.
Izan ere, Euskadi Fundazioko Mikel Iturriak eta Lizarteko Rafael Marquezek zuten jokoan Euskaldun Torneoa. Marquez bigarrena esprintean hobeto moldatzen denez, Euskadi Fundazioa hasieratik ihesaldietan sartzen saiatu da Euskaldun Torneoko lidergoa eusteko. Baina Lizartek lan gogorra egin du ihesaldi guztiak zapuzten eta proba kontrolatzen. Bitartean, Rural Kutxa adi-adi ibili da etapa garaipenaren bila. Lizarragako katea bigarrenez jaisterakoan tropelak ihes egindakoak harrapatu ditu eta bi tropel handietan banatuta geratu da lasterketa. Baina Euskadi Fundazioak lan ikusgarria egin du eta helmugara Mikel Iturria eta Mikel Aristi taldekideak iritsi dira batera. Mikel Iturriak irabazi du Altsasuko proba eta afizionatuen mailako Euskaldun Torneoa ere, estatu mailako torneo ezagunenetako bat. Jorge Azanzak zuzentzen duen Euskadi Fundazioa izan da Altsasuko lasterketako talde onena. Bestalde, Rural Kutxako Carlos Anton Jimenez laugarrena sailkatu da, denbora berean.
Mikel Iturria 23 urteko gazte urnietarra kontentu zegoen bukaeran. “Lasterketa hau berezia zen gure zuzendari Jorge Azanzarendako, bere herriko proba zelako, eta horregatik ilusio handia ematen digu berari garaipena eskaintzea eta Euskaldun Torneoa hemen irabaztea. Berak azaldu digu helmugako azken bihurgunean lehendabizi iristea garrantzitsua zela eta ongi atera zaigu” adierazi zuen aurten 20 podiumetara igo den txirrindulariak. Talde profesionaletara pasatzeko deirik ez duela jaso onartu du, baina esperantza hor dagoela.
Azanza pozez zoratzen
Jorge Azanzak aurten hartu du Euskadi Fundazioko taldea zuzentzearen ardura. Balorazioa ezin hobea da: momentuz 30 lasterketa irabazi ditu taldeak eta Euskaldun Torneoa. “Altsasukoarekin 30 garaipen lortu ditugu, gainera 10 txirrindulari ezberdinekin. Gaur Euskaldun Saria irabazi du Mikel Iturriak, taldeka ere irabazi dugu, puntu batera geundelako, eta gainera hori guztia herrian… Esana nien ilusio handia egiten zidala nire herriko lasterketan ongi egitea. Oso mentalizatuta etorri dira eta kristoren lana egin dute. Ihesaldi guztietan egon dira, baina Lizarteren apustua izan da lasterketa kontrolatuta izatea. Gero beraiek talderik gabe gelditu dira, gure taldea oso indartsu zegoen bukaeran ere eta azkenean gureak nagusitu dira. Oso pozik nago” adierazi zuen altsasuarrak.
Azanza zoriontzera jende asko hurbildu da. Denboraldiaren balorazioa bikaina egin du. “Aurten nagusienak izan gara. 30 lasterketa irabazi ditugu, Rural Kutxaren aurretik. Maila altuko lasterketa eta probatan, gainera. Txirrindulari onak dira guztiak eta talde bezala lan egitea ez da erraza. Askotan nagusitzen da bakarka egiten duten lan hori. Nik taldea osatzen egin dut lan eta erakutsi diet talde lanarekin garaipenak asko izango direla” azaldu digu Azanzak.
Altsasuarrak hurrengo urtean Euskadi Fundazioko zuzendari lanetan jarraituko du. “Txipa aldatzen duzu. Ia ez naiz txirrindulari sentitzen, zuzendari baizik. Lortu dudanarekin oso pozik nago, taldea horrela mantentzean eta egiten duten lana bikaina delako. Txirrindulari oso onak dira eta lasterketa guztietan erakusten dute. Mikel Iturriak eta Mikel Aristik profesionaletara salto egitea merezi dute. Zaila dago, baina gauzak mugitzen ari dira eta saiatuko gara” gaineratu zuen Azanzak.
Rural Kutxaren zorte txarra
Aldiz, “zorte txarra” izan zutela adierazi zuen Rural Kutxako Alberto Mazkiaranek. “Lasterketan ongi gindoazen, David Lopez gure esprinterrarekin proba irabazteko aukerak genituen. Baina zorte txarra izan dugu zoruan zegoen txapa batekin. Piboteak kentzen direnean zuloa estaltzeko txapa horietako batekin arazoa izan du Lopezek, deskolokatu da eta tropelean esprinterra jokatzeko zuen tokia galdu du. Esprintak horrela izaten dira, eromena eta loteria bat” azaldu du Rural Kutxa zuzentzen duen altsasuarrak. Dena den, aurtengo denboraldiarekin oso kontentu dago Mazkiaran. “20 proba inguru irabazi ditugu baina kantitatearekin baino kalitatearekin gaude kontentu. Espainiako Kopa irabazi dugu, Espainiako 4 Txapelketetatik 3 irabazi ditugu, hiru itzulitan gailendu gara – Kantabria, Palencia eta Leon– eta lasterketa prestigiotsuak irabazi ditugu, Balenciaga Memoriala tartean. Horregatik oso pozik gaude, denboraldi errepikaezina izan da hau” nabarmendu zuen altsasuarrak. Mazkiaranek gaineratu zuenez, Rural Kutxa afizionatuetatik hiru txirrindularik eginen dute salto Rural Kutxa talde profesionaletara, Hector Saez tartean, eta beste hiru txirrindularik beste talde profesionaletara salto egiteko aukerak ere egon daitezkeela azaldu zuen.
Altsasuarrak Euskadi Fundazioa sendo dabilela onartu zuen. “Talde sendoa da Euskadi. Aurreko urtean maila kontinentaletik afizionatuetara jaitsi ziren txirrindulari batzuk daude tartean, eta kalitate hori nabaritu egiten da” azaldu zuen.