Pozoitzeen kontrako martxa

Guaixe 2015ko ira. 25a, 09:12
Huellas de Altsasuko Amaia Bengoetxea, Amaia Vila eta Amparo Bengoetxea mahaian.

Larunbatean, 18:00etan, Altsasuko Zumalakarregi plazatik abiatuko da manifestazioa. Pozoitu dituzten txakurren jabeei elkartasuna adierazi eta guztion osasunaren alde manifestatzeko deia egin du Huellas de Altsasuk.

Hilaren 12an Limacol, Babosil eta haragi txikituz osatutako haragi pilotak agertu ziren Altsasun. Haiek jatearen ondorioz lau txakur hil eta beste 3 larri zauritu ziren. Foruzaingoak bost salaketa jaso zituen eta ikertzen ari da. Txakur jabeen artean gertatzen zenaren berri azkar zabaldu zen. Hurrengo egunean txakurren pozoitzeak salatzeko martxa isila egin zuten Altsasun. Baina gertaera bere horretan ez uzteko, txakur jabeek batzarrera deitu zuten hilaren 15erako. Orduan jaio zen Huellas de Altsasu taldea. Txakur jabeek eta gertakariekin kezkatutako pertsonek osatzen dute, 20 eta 30 bat kide dira.

Taldeak lau helburu ditu: informazio fidagarria komunean jartzea; pozoitzeak egin dituenak opatzeko lorratzak opatzea; gertatutakoaren garrantzia argitzeko informazio iturri berriak opatzea (pozoia, tokiak, kutsatutako eta hildako animalia guztien kopurua eta pertsonak kutsatu ote diren) eta, azkenik, gertatutakoa publikoki salatzea eta euren protestara ahalik eta jende gehien batzea. Amaia Bengoetxeak argitu digun moduan, helburu nagusia, egilea(k) harrapatzea da.

Taldeko kide Amalia Vilasek salatu duenez, gertatutakoa osasun publikoaren eta ingurumenaren kontrako ekintza bat da. Baita animalienganako tratu txar kasu bat ere. “Gizalegearen kontrako eraso koldarra izan da, berezi gabe, nahita min egiteko propio egina”. Halakorik berriro ez errepikatzea espero dute taldekideek, baita “egin duenak ordaintzea” ere. Nabarmendu du haurren jolas parkeen ondoan agertu direla haragi pilota pozoituak, “festetan, haurrak askeago dauden garaian”. Edozer gauza gerta zitekeela nabarmendu dute.  

Tokiak eta beldurra
Hilaren 12an eta 13an Amandrea, Otadia, Idertzagain eta Amaia kaleetan, San Joango baratzetan, Gazte txokoaren patioan, Dantzaleku eta San Pedro zelaian agertu ziren. Gerora haragi pilota pozoitu gehiago azaldu dira, “zaharrak” diruditenak. Guardia Zibilaren Sepronakoak txakurrekin etorriko dira inguru guztiak begiratu eta haien bidez gelditu daitezkeen haragi pilotak opatzeko. Haragi pilota pozoitu bat opatuz gero Foruzaingoa jakinaren gainean jarri behar da. Poliziak behar bezala hartu eta epaiketan proba gisa aurkeztuko luke.

Horren guztiaren ondorioz, “txakurrak ezin dira aske edo muturrekorik gabe ibili. Ezta txakur guneetatik kanpo ere, pozoia dagoen ere ez dakigulako”, gaineratu du Vilasek. Huellas de Altsasuko Anparo Bengoetxeak azaldu duenez, astelehenean Burlatan hildako 13 txakur izan ziren. Gasteiz, Bilbo, Santander edota Iruñean halako gertakariak izan direla ohartarazi du. Anparok gaztigatu du San Pedroko haragi pilota pozoituak basa-animaliek jan zitzaketela. Katuak ere hil direla nabarmendu du.

Heziketa
Pozoia zabaldu duenak zer eskatzen duen ez dakitela esan digu Amaiak: “hitzekin esan ez dutenez, ez dakigu zein den euren kezka”. Vilasen gaineratu duenez, “nagusien akatsa dena ezin dute txakurrek ordaindu. Animaliek ez dute errurik”. Horrela, ezer ez dela lortzen, beldurra eta kezka hedatzea besterik ez esan digute Huellas de Altsasukoek.

Alde bateko eta besteko pertsonak heztea “oso garrantzitsutzat” jo du Amaiak. “Altsasun txakur asko daude eta denok ez daukagu pentsamolde bera. Baina komuneko puntu batera iritsi beharko dugu, guztiok elkarrekin bizi behar baitugu”. Egitekoaren zailtasuna ere aitortu digu Amaiak: “Altsasun ez dago txakurraren kulturarik. Orain gutxira arte libre ibiltzen ziren, herri txikietan bezala. Gauzak aldatu dira. Jende guztia errespetatu behar da. Txakurrekin beldurtzen den jendea dago eta, horregatik, zentzuz jokatu eta txakurra lotuta eraman behar da”. Guztien elkarbizitzaren alde txakur jabeek euren animalien kakak jaso behar dituztela ere esan digu.

Erlazionatuak

Txakurren pozoitzeak

Guaixe 2015 ira 16 Altsasu