1. Hogeita bosgarren urteurrena bete duzue aste honetan, nola sortu zen gaztetxe bat eraikitzearen ideia?
Argi dago duela hogeita bost urte gaztetxea okupatu zuten gazte haiek, gaur egun ez daudela gazte asanbladan, belaunaldi ezberdin asko pasa dira urte hauetan eta gaur egun guk hartu dugu beraien lekukoa. Egun, gu gaude gaztetxearen asanbladaren barruan, baina belaunaldi berriak gerturatzea espero dugu. 1990. urtean mugimendu handia zegoen kalean, gazteek lokalak eskatzen zituzten beraien beharrak asetzeko, besteak beste, eta musika sormena lantzeko. Behar horiek asetzeko lekua eskatzen zuten eta hasiera batean espazio hori modu legal batean lortzen saiatu ziren. Urte hartan Udaletxearekin lokal bat hitzartuta zuten; 1990eko irailean udalaren bilkura batean etxe baten lagapena eginen zietela uste zuten gaztetxearen sortzaileek. Bilera horretan udalarekin hitz egindakoa ez zela beteko jakin zuten, eta hasiera batean gaztetxe moduan erabiliko zen etxea beste erakunde bati eman zioten.
2. Udalaren erabakia jakinda zer egin zuten?
Udalaren erabaki hori jakinda, beste bide batetik joatea erabaki zuten irailean bertan. Udalarekin hitz egindakoa ez zela beteko jakin zutenean, urriaren 5ean, asanblada berezi bat egin zuten elizako atarian. Bilkuran landutako gaiak azaldu zituzten eta egoerari konponbidea emateko asmoz bilera egin zuten. Gaur egungo gaztetxea den etxea lehendik ere leku egokia izanen zela pentsatua zuten, aurretik anbulatorio bat zena. Elizako atean egindako bilera hartan jende andana bildu zen, eta hori probestuz, Txiki Polita kaleko hamahirugarren zenbakira etorri ziren eta barrura sartzea erabaki zuten. Altsasuko gaztetxearen historia hor hasi zen.
3. Garai hartan gaztetxea sortu zutenekin baduzue harremana?
gaztetxera sartu zirenekin harreman zuzen-zuzena ez. Batzuk familiakoak dira, baina agian adin tarteagatik edo ez dugu erlazio zuzenik. Ezagunak noski baietz, Altsasu ez da oso herri handia eta ia denok ezagutzen dugu elkar. Orain urtemugarako ekimen ezberdinak antolatzen ari gara eta beraiekin harremanetan jarri gara.
4. Ze esanahi dauka zuentzat gaztetxeak?
Guretzako gaztetxea, gure nahiak ala desioak errealitate bihurtzen dituen espazio bat da. Gure burutazioak aurrera eraman ditzakegun leku altertaniboa bihurtzen da azken finean. Beste erakunde edota instituzioek eskaintzen ez dituzten ekimenak hemen egin ditzakegu.
5. Beste gaztetxeekin erlaziorik ba al duzue?
Garai batean, SAGA-k (Sakanako Gazte Asanblada) funtzionatzen zuenean. Momentu hartan Sakanako hainbat gaztetxerekin harremanetan egoten ginen, baina gora behera asko izan ditu eta gaur egun ez dago martxan,. Beste alde batetik, Euskal Herriko gaztetxeen koordinakundearen barruan egon gara. 2010. urtean Euskal Herriko gaztetxeen eguna Altsasun ospatu zen eta alde horretatik erlazioa izan genuen, baina gerora zertxobait hoztu da. Nafarroa mailan ere mugitu gara, eta izan badugu beste gaztetxeen berri.
6. Gaur egun nola ikusten duzue gaztetxeen presentzia?
Tokian toki ikusi beharreko gauza izan beharko litzateke hori. Laudion egindako topaketetan izan ginen, eta bertan bakoitzaren errealitatearen berri eman ziguten. Leku batzuetan gaztetxe berriak sortu dira eta gainera Udalaren onarpenarekin. Altsasuren kasuan adibidez, ikus dezakegu gaztetxearen presentzia oso ongi onartu duela herriak, eta hori guretzat oso pozgarria da. Iruñearen kasua ere badugu, badirudi, gaztetxe bat sortzearen ideia aurrera eraman nahi dela, argi dago nondik etorri daitekeen horrelako erabaki bat, eta guri oso positiboa iruditzen zaigu. Sakanaren kasuan ere baditugu bi adibide, Urdiainen gazte asanblada indartsua lanean dabil eta badirudi zerbait eginen dutela. Eta Iturmendikoa ere nahiko berria da, sekulako etxea berritu dute, eta guk Sakana mailan grina hori mugitzen ari dela esanen genuke.
7. Altsasuren kasuan belaunaldi berriek badute interesa gaztetxeagatik?
Orain dela urte batzuk belaunaldien arteko lekukoa eman zen. Urte batzuetan hutsuneak egon ziren, ez zelako belaunaldi berri askorik sartzen. Orain, aldiz, belaunaldiak jarraian etortzen direla ikusten ari gara, baina horren atzean egia esan, lana asko egin dugu, hutsune horiek hain nabariak izan ez daitezen. Zentzu honetan Altsasuko gaztetxea erraz berritzen da, beti jende berria sartzen delako. Betiko jendea ere badago, noski baietz, baina alde horretatik harro sentitu gaitezke. Jende gaztea sartzen ari da, animoekin, gogotsu, eta gauza berriak egiteko. Gainera, gazte askok nahiz eta asanbladan ez egon gaztetxearen ekimen askotan parte hartzen dute, eta horrek asko balio du guretzat.
8. Nola kudeatzen da Altsasuko gazte asanblada?
Gaztetxe baten oinarria autogestioa eta asanblada dira. Bi oinarri horiek gure zutabeak dira, eta horien gainean balore ugari dauzkagu. Asanblada astero biltzen da, asteazkenero arratsaldeko 19:30etan eta bilkura horietan urte osoko ekimenak aurrera eramaten saiatzen gara. Beste aldetik, autogestioa egonen litzateke, ekimen desberdinen bitartez gure gastuetarako dirua ateratzen saiatzen gara, edota beste ekimen batzuk egin ahal izateko.
9. Ze azpiegitura dauzka Altsasuko gaztetxeak?
Beheko solairuan asanbladak egiteko espazioa litzateke, eta festa giroan erabiltzen den eremua izanen litzateke. Eszenatoki bat dugu, kontzertuak egiteko, antzerkia edo bestelako ikuskizunetarako erabiltzen duguna. Sukalde bat ere badaukagu eta noizbehinka martxan jartzen dugu. Goiko solairuan tailer bat daukagu, material guztiak bertan gordetzen ditugu, eta bilera gela bat ere badugu. Edozein talde ala elkartek bilera bat egin nahi badu eskura dago interesa duenarentzat. Horretaz gain, Garraxi irratiaren egoitza ere hementxe kokatzen da.
10. Aldaketa handia izan du gaztetxeak hogeita bost urte hauetan?
Hogeita bost urtetan gaztetxeaz gain gizarte osoa aldatu egin da, ez bakarrik etxe honen barruan gertatzen dena. Hemen gauden asko orain dela hogeita bost urte ez ginen jaio ere egin beraz, pentsa. Hortaz, hogeita bost urtetan zehazki gaztetxearen funtzionamendua nola aldatu den jakitea zaila da. Egia da, lehen gaztetxearen eguneroko bizitza gehiago indartzen zela, tailer ezberdinak egiten zituzten, etxe barrurako gauza gehiago egiten ziren laburki esanda. Eta azken hamar urte hauetan, kanpora ala herrira begirako ekimen gehiago egin dira, nahiz eta bestea ez ahaztu. Egun aisialdi alternatiboarekin zerikusia duten ekitaldi gehiago egiten dira.
11. Urteurrenari begira ze egitarau prestatu duzue?
Ospakizuna urriaren 5ean hasiko da baina aurretik lanean hasi gara urtemuga prestatzeko asmoarekin. Pilota txapelketa bat antolatu dugu, eta arrakasta handia izan du gainera, bai parte hartze aldetik eta baita ikusle aldetik ere. Horretaz gain, Gure Etxean erakusketa bat zabaldu dugu, 90eko hamarkadako arropa, bideo eta kartelekin. Asteburuari begira berriz, ostegunean, generoa eta gazteriaren inguruko hitzaldi bat izanen dugu baita pintxo-potea ere; ostiralean, haurrei bideratutako jolasak izanen ditugu, eta baita desafioen jarraipena ere. Larunbatean aldiz, betiko kalderetak izanen ditugu, zumba poteoa eta festa giroa. Igande arratsaldean urteurrenaren harira egindako argazkiak eskainiko ditugu eta ferietan pilota txapelketa finala izanen dugu. Azaroaren 14ean berriz, kontzertu festa handia prestatu dugu, Zea Mays, KOP, edota La Viuda Negra arituko dira besteak beste. Dagoeneko txartelak salgai daude.