Indarkeria matxisten kontra

Guaixe 2015ko aza. 10a, 16:18

Larunbatean, ordu erdi batez, 80tik gora altsasuarrek indarkeria matxistak salatu zituzten. Kontzentrazioa egin zuten Iortia kultur gune parean. Askok sexu indarkeria salatzen zuten esku moreen kartelak zituzten eskuetan. Herritarrekin batera udalean ordezkatuak dauden alderdi guztietako zinegotziak izan ziren, UPNkoa salbu.

Estatuko mugimendu feministak Madrilen manifestazioa egiten zen aldi berean egin zen Altsasuko kontzentrazioa. Batean eta bestean indarkeria sexistaren kontrako borroka lehentasunezkoa izatea eskatu zuten. Emakumeen Mundu Martxaren harira udalak antolatutako ekitaldian bezala, Guardia Zibila agertu zen.

Konpromisoak
Aurreko hileko bilkuran bat egin zuen Altsasuko Udalak azaroaren 7ko deialdiarekin. Aldi berean, honako konpromisoak hartu zituen: larunbatean Iortia kultur gunean indarkeriaren kontrako esku morea jarriko da; udalaren sare sozialen bidez indarkeria matxisten kontrako kanpainak egiten segitzea; udalbatzaren argazkia egin larunbaterako deialdira joanen direla esanez eta zabaldu; udal zerbitzuei kanpainan parte hartzeko gonbitea luzatzea; urtero azaroaren 25ean, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunean, kontzentrazioan altsasuarrak parte hartzera gonbidatzea eta askotariko diskriminazioa pairatzen duten emakumeak eta indarkeria matxistak erasotako beste kolektibo batzuendako laguntza-prozesuak egiteko konpromisoa eta erakundeen arteko koordinazioa.

Gainera udalak orain arte martxan dituen hainbat lan ildorekin segitzea erabaki da:
aholkularitza juridiko eta psikologikoa ematea; indarkeria piratu duten emakumeei prozesu guztian zehar laguntza eskaintzea; berdintasunerako eta genero indarkeriaren aurkako zerbitzuen zuzeneko kudeaketa publikoa egitea; hezkuntzan berdintasuna sustatzeko programa eskaintzea; festa eta kultur jardueretan sexismoaren kontrako sentsibilizazio kanpainak egitea; berdintasun plana aplikatzen segitzea eta gizarte zibilaren parte hartzea sustatzea.