Ibon Martinek Altsasun aurkeztuko du azken liburua

Guaixe 2015ko aza. 19a, 19:16

Abenduaren 1ean, asteartean, 19:00etan Haritza tabernan. Gonbidapenak han jaso behar dira eta plaza kopurua mugatua da.

Ibon Martin Alvarezek bere azken liburua pasa den astean aurkeztu zuen: La fábrica de las sombras (Travel Bug, 2015). Idazle donostiarra bere eleberri beltza Altsasun aurkeztuko du Arkatz liburu-dendaren eta Haritza tabernaren ekimenez. Bi tokietan daude Martinen liburuak salgai, baina idazlearekin izanen den topaketarako gonbidapenak tabernan bakarrik eskuratu daitezke.

Martinek bere bigarren eleberri beltzarekin, El faro del silencio (Travel Bug, 2014), arrakasta handia izan ondoren heldu da La fábrica de las sombras. Orbaitzetako arma lantegi zaharreko arkuetako batean emakume gazte bat urkatuta agertuko da neguko egun batean. Suizidioa dirudiena ikertzen hasiko da Leire Altuna idazlea. Dozena bat pertsona besterik bizi ez den herri batean Altunak egindako ikerketak bera jarriko dute jo puntuan. Kontrabandoko garaiak eta itzalez betetako egunerokoa opatuko ditu. Abiapuntu horrekin Martinek intrigazko eta arrasto faltsuz betetako eleberri beltza ondu du.

Txangoa
Altsasuar askok dagoeneko ezagutzen dute idazlea. El faro del silencio liburuan aipatzen ziren tokiak ezagutzeko txangoa antolatu zuen Arkatz liburu-dendak lastailaren 25ean. Autobusa bete eta beste batzuk autoz joan ziren. Bi taldetan banatu ziren eta batzuk Albaola itsas faktoria bisitatzen zuten bitartean, besteak Martinekin eleberrian aipatutako parajeak bisitatu zituzten. Eta gero alderantziz. Majo bazkaldu ondoren, etxera pozik bueltatu ziren denak. Antzeko ekimenei segida emateko asmoa du liburu-dendako kudeatzaile Elena Aldasorok.

Erlazionatuak