Emakumeenganako indarkeriaren kontrako egunaren kontura asmo hori aurreratu dute Berdintasunaren eta Emakumearen Batzordeko arduradun Arantza Bengoetxea zinegotziak eta Idoia Goikoetxea teknikariak. Indarkeria matxista pairatu eta bizirik atera diren emakume taldea sortzea bulkatu nahi dute udaletik.
Gaur egun indarkeria pairatzen ari den emakumeren batek laguntza eskatzen duenean taldeko kide baten babesa jasoko luke. Udalak aldeak harremanetan jarriko lituzke, hau da, koordinazio lana eginen luke eta bileretarako lekuak jarriko lituzke. Goikoetxeak azaldu duenez, “gaur egun indarkeria egoera baten aurrean poliziak, medikuak eta beste agertzen dira. Baina beti emakumeak falta dira”. Esperientzia latzetik laguntza emanen duen harreman sarearen sorrera sustatuko da, beraz.
Bestalde, biek aurreratu dute orain arte udalak egindako sentsibilizazio jarduera lan jarraitu batekin ordezkatu nahi dutela.
Koordinazioa
Bihar Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko, osasun etxeko, Udaltzaingoko, Foruzaingoko eta Altsasuko Udaleko ordezkariek bilera eginen dute. Gaur egun haien artean dagoen koordinazioa hobetu nahi dute eta indarkeria matxista kasu bat pairatzen duen emakumeak ahalik eta toki gutxienetatik pasatzea ahalbideratu nahi dute. Bengoetxeak azaldu duenez, “horretarako, bakoitzak dituen baliabideen berri emanen du. Erakunde bakoitzean pertsona erreferentea zein den zehaztu eta elkarlanerako bideak ezarriko ditugu”.
Legea garatuz, Nafarroako Emakumearen Institutuak heldu den urterako sexu indarkeriaren kontrako toki protokoloaren eredua eginen du, gero herri bakoitzak bere errealitatera egokituko duena. Hura iritsi bitartean Altsasun lana aurreratzen hasiko dira.
Klasean
Etzi, 10:45ean, Iortia kultur gunearen parean, Altsasu institutuko, Sakanak institutuko, Iñigo Aritza ikastolako eta Sagrado Corazon ikastetxeko 205 ikaslek (79 neska eta 109 mutil) parte hartu duten tailerrari akabera emanen diote. Gazteei euren inguruan (klasean, koadrilan, festetan, txokoetan…) sexu erasoen kontrako konpromisoak hartzeko eskatu zaie. Hartu dituzten konpromisoak publiko eginen dituzte gainontzeko ikasleen aurrean. Altsasuarrak ekitaldian parte hartzera gonbidatuta daude.
Tailerraren balorazio positiboa egin dute bai ikasleek bai dinamizatzaileak. Bengoetxeak jakinarazi duenez, udalaren asmoa da tailerra jarduera puntuala izan beharrean ikasturtean garatzea: DBH 4. mailako eta lanbide heziketako bi zikloetako ikasleez aparte gainontzeko mailetara zabaltzea.
Mozio bakarra
Azaroaren 25a dela eta alderdiek udal bilkuran aztertzeko mozioak aurkezten dituzte eta bizpahiru mozio biltzen dira bilkura bakarrean. Berdintasun eta Emakumearen Batzordearen eskaerari jarraituz, aurten mozio bakarra izanen da bilkuran, Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioak prestatu duena.
Mozio horren aurkezpena gaur egin dute Iruñean, eguneko kartelarekin batera. Nafarroako 20 toki erakundek sustatu dute eta haien artean daude Altsasu eta Olatzagutia.
Bi kontzentrazio
Asteazkenean bi kontzentrazio eginen dira eta bietan altsasuarrak parte hartzera deitu dituzte. 10:45ean Iortia kultur gunearen ondoan eta 19:00etan Altsasuko udaletxe parean.