Altsasu Memoria bigarren erakusketa zabalik

Guaixe 2015ko abe. 11a, 12:26

Abenduaren 20ra arte, 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunean.

Altsasu Memoria eragilea duela bi urte “herriko historia oroimena egin eta bazterrean gelditu den historia azaleratzeko lanean” hasi zen. Joan den urtean 1940 urte bitarteko Altsasuko historiari buruzko pasarteak azaleratu zituzten. Aurten, berriz, 1950 eta 1992 bitarte jasotakoak ezagutarazi dituzte; ekitaldi moduan garagarrilean eta erakusketan orain.

Abenduaren 20 bitartean egonen da erakusketa Iortia kultur gunean. Aser Imazek azaldu digunez, “jendea etorri eta denbora hartuta ikusi, irakurri dezan nahi dugu. Baina erakusketa, batez ere, ekarpenak, zuzenketak eta kritikak jasotzeko egiten dugu”. Imazek gaineratu du pasa den urteko erakusketan hala izan zela, “denbora gehiagorekin eta harreman gehiagorekin, jendeak ekarpen handiak egiten ditu. Historia gehiago ateratzen dira eta horrela Altsasuko historia osatzen dugu”. Taldekideei esan edo erakusketako liburu zurian egin daitezke ekarpenak.

Informazio asko jaso dute taldeko kideek eta hura argazkiekin lagundutako testuekin, bildumekin (diskoak, liburuak, txapak, aldizkariak eta festa egitarauak), bideo-proiekzioekin, Jose Ramon Urtasunen koadroekin, hemeroteka eta garaiko objektuekin (iturri, moto eta irrati zaharra, ikurriñadun balkoia, baserritar jantziak…) osatu dute. “Aretoan garai hartako giroa islatzen saiatu gara”.

Egutegia
Altsasu Memoriak 2016ko egutegia argitaratu du. Erakusketan 9 eurotan dago salgai. Taldeak jasotako material guztia liburu edo DVD batean argitaratu nahi luke eta jasotako dirua horretara bideratuko du.