Udalak herriko dendei babesa azaldu die

Guaixe 2015ko abe. 14a, 15:57

Alkateak eta ADEko bi kidek eman zuten prentsaurrekoan gobernuaren spota proiektatu zen.

Nafarroako Gobernuak tokiko komertzioa sustatzeko kanpaina bere egin du udalak eta Iortia kultur guneko gaurkotasunezko filemen emanaldien aurretik spota proiektatzen ari da abenduan.

Javier Ollo Martinez alkateak “denda txikien defentsa” egin du. Haren ustez, “kalitatezko zerbitzua goraipatu beharrean gaude, baita gizarteari eskaintzen dioten ongizatea ere”. Alkateak denda eta dendari txikiak Altsasuri bizia emateko “ezinbestekoak” direla azpimarratu zuen, eta nabarmendu zuen: “ekonomikoki ezinbesteko agenteak dira eta sozialki komunitate osoari goraipatu beharreko zerbitzu bat ematen diote”. Hori dela eta, Altsasuko Dendari Elkartearekin elkarlanean aritzeko eta hura babesteko borondatea azaldu zuen. Arrazoi horregatik hasi da udala gobernuaren publizitate spota zineman eskaintzen.

Horregatik, Ollok bere egin du Nafarroako Gobernuaren tokiko denden aldeko kanpainako leloa: denda txikiak, pertsona handiak. Eta kanpainaren aurkezpenean esandakoa gogorarazi zuen: denda txikiek “kalitatezko enplegua sortzen dute eta hurbileko zerbitzu bat eskaintzen dute”.

Dendariak
Altsasuko Dendari Elkarteko buru (ADE) Ibone Prietok nabarmendu zuen “estreinako aldia dela ADE aintzat hartzen dela”, horregatik alkateari esker ona azaldu zion. “Eskatzen hasi eta zenbait ekimenetan babesa eman digu”. Nafarroako Gobernuaren bideoaz Prietok esan zuenez, “hedeabideetako ohiko zabalkundeaz aparte ez zen herrietatik pasa behar. Udalaren ekimenez Iortian ikusiko da. Gauden egoeran halñako laguntza eskertzekoa da”.

ADEko kideek argi utzi nahi izan zuten dendariek saltzeaz eta deskontuak egiteaz aparte, “kalea egiten dugu. Pentsa zer gertatuko litzatekeen dendak eta tabernak asteburu batean itxiko balute. Herrian dendak behar dira”. Prietok adierazi zuenez, “jende asko konturatzen ez bada edo ez badute baloratzen ere, herria dinamizatzen ari gara; ekimen ugari antolatzen ditugu edo babesa ematen diegu”. Horrek “ahalegin handia eta diru asko” kostatzen zaiela eta “laguntzak eskasak direla” aitortu zuen Prietok. ADEk gaur egun 34 kide ditu. Nahi duten dendariek kide egiteko aukera dute.

ADEren urteko jarduna
Sustapen komertziala
Iortiako ikuslearen egunak eta Teatreves antzerki zikloetan 400 euroko balioa duten erosketa txartelak eman zituen.
Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen (SDOZ) elkartearekin batera ADEk smart tb bat zozketatu zuten.
SDOZekin 2.000 euroko balioa duten 40 urdaiazpiko zozketatu ditu.

Kale dinamizazioa
SDOZkin batera Sakanako I Stock azoka egin zen martxoaren 28an eta 29an.
Abenduan eguberri zuhaitzaren piztea eta txokolatea, puzgarriak eta urdaiazpikoen sari ematea daude iragarriak.

Kontzientziatze ekimenak
Tokiko denden aldeko Nafarroako Gobernuaren publizitate kanpainan parte hartu.
Tokiko denden aldeko institutuaren kanpainan parte hartu.
Genero indarkeriaren aurkako Altsasuko Udalaren bideoan parte hartu.

Herriko ekimenetan parte hartzea
Ferietako ganadu azokan sari bat ematea.

Bestelakoak
Bilerak honakoekin: Altsasuko Udala, Nafarroako Gobernua, UGT, La Caixako banku eta ETEen arduradunekin eta Laboral Kutxako eskualdeko zuzendariarekin. Rural Kutxarekin hitzarmena berritu dute, elkartea datuen babeserako legera egokituz.

Erlazionatuak