Barnean duena margoaren bidez islatzen du Itziar Nazabal artistak haren lanetan. “Nire lana sentimendu eta testura leherketa bat da”. Udan Ferrarako Triennale di Arti Visive erakusketan (Italia) parte hartzeko gonbidapena jaso zuen. Aukera ezin hobea zen eta baietz esan zuen. Ondoren, minak jo zuen: “oso lan gogorra izan zen. Margotzeko gogorik ere ez nuen. Baina egin behar nuen”. Erakusketan epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuten.
Nazabalek sentimenduekin lan egiten du. Barruan duena kanporatzen du. “Ni neu leherketa bat naiz. Batzuetan koloreak eta egingo dudana erabakitzen dut. Baina beste batzuetan haiek ni bilatzen naute”. Hori gertatu zitzaion Triennale di Arti Visive Italiako erakusketara aurkeztu behar zituen artelanak sortu zituenean. Deitu zutenean aukera ezin hobea zela pentsatu zuen, baina haren lan ia guztiak mundutik banatuta daude, gehienak Txinan. Hortaz, erakusketarako hiru artelan sortu behar zituen. “Une gogor batean nengoen. Amona galdu genuen eta nik ez nituen gogoak margotzeko. Indarrik gabe nengoen. Baina aukera ezin hobea zen, eta ezin nuen galdu. Amonak ez zuen nahiko”.
Lanean jarri zen eta koloreek deitu zuten. “Kolore hotzak dira: urdinak, grisak, turkesak... izotzaren koloreak dira. Nik ez nituen bilatu, atera ziren”. Min handiz hiru biluzi sortu zituen, min horren erakusle direnak: Nire bihotza garrasika dago, emakume bat belauniko eserita bularra goruntz duela bihotza aterako balitzaio bezala indar handia eginez; Bizitzak itotzen zaituenean, emakume bat eskuak bere lepoan dituela itotzen balu bezala; eta, azkenekoa, Minak nola txikitzen zaituen, emakume bat berari hartuta eta txikituta. “Ez dakit jendeak horren atzean zer zegoen jakingo zuen”.
Nazabalen xedea artelanak Ferrarako erakusketan aurkeztea zen. Aipamen berezia “sorpresa handia” izan zen. Gainera, artelanak izan duten harrerarekin pozik dago Nazabal. “Pertsona bat nirekin harremanetan jarri zen eta nire artelanarekin argazki bat egin zuela erakutsi zidan. Asko poztu ninduen”. Bi bildumazalek artelanetan interesa adierazi dute.
Zuzeneko margotzea
Itziar Nazabalek ez du nahi bere lanak erakusketa batean bakarrik ikusi ahal izatea. Ikusleak artelanarekin parte izatea nahi du. Erakusketa bizitza izatea. Horregatik, prozesua erakustea gustatzen zaio. “Artista bakoitzak margotzeko modu bat dauka eta nirea berezia da, ezberdina”. Leherketen bidez margotzen du Nazabalek eta gorputza erabiltzen du. Ondoren, figurazioa egiten du. Igandean, 18:00etan, Altsasuko Haritza Tabernan egonen da zuzenean margotzen.
“Ez dakit nola deitu honi: performancea izan daitezke, art show-a...” Nazabal artista eta pertsona dena erakusten du zuzeneko margotzeetan. “Ni naizena da. Sortzea gustatzen zait. Eta sortze prozesu hori erakustea”. Jendearengan zerbait sentiaraztea nahi du Nazabalek. Zuzeneko margotzean ezinezkoa da jakitea nola izanen den amaierako lana: “ideia bat daukat, baina nork daki zer aterako den”. Haritza tabernan eginen duen lehenengoa “kontaktu txiki bat” izango da baina gehiago etorriko direla dio, beste hainbat arte diziplinekin fusioa eginez. Datorren urterako bi erakusketa “aktibo” antolatzea nahi du Nazabalek.