Paperezko ganbara

Guaixe 2015ko abe. 26a, 10:06

Abenduaren 10ean, aretoa leporaino bete zegoela aurkeztu zuen Mari Romero Fernandezek bere liburua: Una casa en la buhardilla (2015, Tandaia). “Pixkanaka, idazte prozesu guztia nola izan zen kontatu nuen eta bukaeran galderak egiteko aukera gutxi gelditu zen. Legazpin bezala, Altsasun ere jendeak ni hitz egiten segitzeko gogoz gelditu zela ematen zuen”.

Liburuaren tituluak aipatzen duen ganboikoko etxea Altsasuko Foru plazan zegoen, Juanito eta Oiarbide tabernak zirenaren gainean. “Berriki etxea bota dute beste bat jasotzeko”. Familiarendako, betidanik, ganboikoko etxea da. “Senideak Extremaduratik hona etortzen ari zirenean… hasieran etxe hartan bi familia batera jarri ginen bizitzen, gehi amona, gehi izeba bat. Jende pila. Bai gu bai Altsasuko Fortuna abizena zuen beste familia bat”.  

Extremaduratik etortzean “elkartzeko toki bat zen ganboikoko etxea: etxebizitza opatu arte; dela jaun hartzea, dela ezkontza, han ospatzen genituen”. Romerok gogoratu duenez, “harreman oso estuak genituen etxe hartan”. Eta gaineratu du, “Altsasun bizitzen jarraitu banu, ez dakit etxeak niretako hainbeste erakarpen izanen lukeen”.

Izan ere, 10 urterekin Legazpira joan ziren bizitzera. Etxea ez zuen gehiago ikusi. “Baina Altsasura joaten nintzen bakoitzean lekuak erakartzen ninduen”. Etxean bizitako oroitzapenak biziberritzen zituen. “Ume pila jaio ziren han. Hil ere bai. Etxe horrekin hainbeste oroitzapen ditut”. Etxe hori “beti bueltaka” zuen.  

Romeroren aita ezkongabe zela Extremadura utzita etorri zen, Quintana de la Serenatik Legazpira. Etxera bueltan joan, ezkondu eta senar-emazte berriak Altsasura etorri ziren. Patricio Etxeberrian lan egiten zuen aitak eta egunero joan-etorria egiten zuen. “Gutxira izeba-osaba bat ezkondu eta etxe berean bizitzen jarri ziren. 10 urtez elkarrekin bizi izan ginen”. Romerok ziurtatzen duenez, “familiako edozeini galdetuz gero ganboikoko etxeko pasadizoren bat aterako da”.  

Prozesua
“Sentimenduak azalean nituen une batean, justu bihotzeko izeba bat hil zenean, ganbarako etxeko giltza lortu genuen”. Han sartu eta eskailerak igotzearekin batera oroitzapenak bata bestearen atzetik etorri zitzaizkion Romerori. 2012 urtea zen. Gogoratzen duenez, bisita “nahiko kuriosoa” izan zen. “Familian lotura handia dugu eta etxera bisitan talde handia joan ginen, aita barne (85 urte). Eskaileraren egoeragatik, ama ez zen ausartu”. Aspalditik ezagutzen zituzten tokiak, eurenak izandako gelak eta beste arakatzen ibili ziren. Oroitzapenez galdetuta Romeroren aitak erantzun zien: “jakinen bazenute…”  Han bizi izan baitzituzten pozak eta tristurak; “herrimina, diru aldetik une estuak…”  Bisitan senideek hunkidura aurpegia sumatzen zela esan digu Romerok, “denak antzeko ibili ginen”.  

Etxera joan “eta hainbeste sentipen nola bideratu ez nekienez idazten hasi nintzen”. Etxean bere idazte jario handia ikusita zertan ari zen galdetzen ziotenean bere “gauzak” zirela erantzuten zien; “hasieran ez nien ezer esan”.  Liburuaren idazketa “nahiko azkar” egin zuen, “barruan nuen guztia di-da batean atera zen”.

La casa de la buhardilla liburua izan zen emaitza. “Autobiografia da. Eleberri bat bezala idatzita dago. Gauza batzuk literatura ukitua dute. Batez ere, nire familiarren historia dago jasoa, Extremadura utzi zutenetik Altsasura etorri arte”. Romerok azaldu digunez, liburuaren kapitulu bakoitza familiako kide bati eskainia dago, “batez ere amaren familiakoei”. Abiapuntu hori izanda historia guztia garatu zuen Romerok liburuan.

Romerori, argitaratzeagatik, jendeak “ausarta” dela esan dio. “Hasieran ez nuen argitaratzeko asmorik”, aitortu digu. Senideek, ingurukoek, lankide eta lagunek irakurri eta asko gustatzen zitzaiela esaten zioten; kritika idatzi positiboak ere jaso zituen. “Nire lagunak eta lankideak badira, zer esanen didate, ba” pentsatzen zuen Romerok.

Harik eta Bernardo Atxagak irakurri zuen arte. “Altsasuko lehengusina bat Zalduendoko batekin ezkonduta dago eta haren bidez iritsi zitzaion liburua”. Atxagak e-posta bidez eman zion iritzia. “Niretako baikortasun handia izan zen hura. Gertukoa ez zen eta literaturan aditua zen baten kritika zen”. Horrek Romerori liburua “ongi” egon zitekeela eta jendeari irakurtzea gustatuko litzaiokeela pentsarazi zion.

Santiago de Compostelako Tandaia argitaletxeak antolatutako lehiaketara aurkeztu zuen. Liburua euren katalogoan nahi zutela esanez deia jaso zuen Romerok. Adostasuna lortu eta bi aldeek dirua jarrita argitaratu zen liburua lastailaren 16an. “Harrera oso ona izan du. Jende pilak irakurria zuen baina liburua erosi dute”. Dagoeneko bigarren edizioa kalean da.

Bestalde, pasa den urteko maiatzaren 14an Romerok Ecoenvesek birziklatzearen inguruan antolatutako Los profes cuentan ipuin lehiaketako saria jaso zuen.Romerori “betidanik” gustatu izan zaio idaztea, “idazlanak eskolan… Baina hau da lehen liburua. Ondoren beste bi nobela idatzi ditut. Ez dira autobiografikoak”. Liburuak argitaratu izanak idazteko bultzada eman diola aitortu digu: “orain gutxiago irakurtzen du, ia denbora guztia idazten ematen dut”.
 

Azalaz
Aurkezpenean, haren aldamenean eserita izan zituen alaba (aitonaren poesia irakurri zuen bukaeran), Altsasuko lehengusu baten alaba, iloba, anaia eta Itziar Nazabal. Margolaria liburuko azaleko akuarela sortu duena da. “Kasualitatez izan zen bere akuarela azalean bukatzea. Maxik, Altsasuko lehengusinak, 2010etik du akuarela hori. “Han zegoen ganboikoko etxe batekin nik daukadan istorioaren berri bazuen eta, horregatik, oparitzeko erosi zuen. Liburua idatzi ondoren familiakoen artean banatzeko kopia batzuk egin nituen eta alabak zein azal jarriko liokeen bazekiela esan zidan”. Liburua argitaratu behar zenean Maxi Nazabalekin harremanetan jarri eta asmoaren berri eman zion. “Itziarrek Hasieratik oso harrera ona egin zigun. Dena kasualitateak”.  


Euskaraz
Bernardo Atxaga euskaltzainak zuzentzen duen Erlea aldizkariaren zazpigarren zenbakiko gaiak erbestea eta lorak, hutsuneak eta antologiak izan ziren. 2013ko abenduan argitaratuta Mari Romeroren liburuko kapitulu bat argitaratu zen, Romerok berak itzulita.