12:04 zirenean deitu ditu Javier Ollo Martinez alkateak 2016ko kintoak. Falta zen bat etorri bitartean aukeraketa sistema azaldu die. Txanpon baten bidez nesken aukeraketarekin hastea erabaki da. Hala, udalbatzako mahaiaren inguruan jarri dira aurtengo 34 kintak. Alkateak karta bana kinten erdiari pasatxo banatu ondoren erakutsi du Moralesek aurreneko erregea, 1:21era. Bukaera aldera, 1:44ra, Diazek bere erregea erakutsi du.
Ondoren 25 kintoak mahai inguruan jarri dira. Karta banaketa azkarrago joan da, baina ia mahai guztiari buelta eman arte ez du Lobok tokatu zaion erregea erakutsi, banaketa hasi denetik 1:18ra. Lehen itzulian errege gehiago atera ez direnez, mahaian kartak banatzen bigarren itzuliari ekin dio alkateak eta bueltaren erdian, Barrikartek bigarren erregea erakutsi du, 2:02ra.
59 kintoak bihar Burunda pilotalekuan zortzikoa, jota eta porrusalda entseguak prestatzeko elkartuko dira. Etzitik aurrera ekinen diote entseguei. Bai Lobok bai Diazek jakinarazi digute ostiraletan bakarrik etorri ahalko direla, lehena Iruñean ikasten duelako eta, bigarrena, guraso altsasuarren alaba iruindarra delako.