Sakanako enpresariekin bildu da Manu Aierdi

Guaixe 2016ko urt. 8a, 11:42

Garapen ekonomikoko lehendakariaz gain, Politika Ekonomiko, Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusi Izaskun Goñi eta Sodena enpresa publikoko zuzendari-kudeatzaile Pilar Irigoien egon dira Sakanako enpresariekin egindako lan bileran

Manu Aierdi, Nafarroako Gobernuko ekonomia garapenerako lehendakari-ordea herrialdeko enpresari elkarte guztiekin elkarrizketa erronda egiten ari da eta Sakanako Enpresarien Elkartearekin bildu da gaur, Altsasun. Berarekin batera Politika Ekonomiko, Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusi Izaskun Goñi eta Sodena enpresa publikoko zuzendari-kudeatzaile Pilar Irigoien bildu dira Sakanako enpresariekin. Sakanako Enpresarien Elkarteko presidente eta ordezkariek, Altsasuko alkate Javier Ollok eta Sakanako enpresariek egin diete harrera. Bilerak ikusmin handia piztu du eta makina bat medioetako kazetariek jarraitu dute ekitaldia.

 



Aierdik azaldu duenez, helburua Sakanako enpresarien egoera eta beharrak lehen eskuz jakitea da. “Hau lehen urratsa da, eurekin harreman sendo bat izateko eta koordinaketa lanetan sakontzeko, guztion esfortzua bide berdinetik joateko. Lehen ez zen horrela, ez zegoen Nafarroako Gobernuko ekonomia departamentuaren eta Nafarroako bailaren arteko koordinazio iraunkorrik. Eta uste dugu erlazio egonkor bat egon behar duela. Gaurko bilera lehen pausua da”. Bere aldetik, Sakanako Enpresarien Elkarteko presidenteak enpresen beharren berri eman dio kontseilariari. “Aurrera egiteko lan ingurune egokia behar dugu. Argi dago aktore guztiekin bildu behar dugula: langileak, sindikatuak, administrazioa… Horretaz gain, dagoen lanbide heziketa hobetu behar da, eta, jakina, azpiegitura egokiak behar dira, elektrizitate eta internet azpiegitura egokiak, alegia. Nafarroako Gobernuaren aldetik harrera ona sumatzen dugu eta Sakanari bultzada emateko jarrera”

Sakanako Plan Estrategikoa, oinarri
Manu Aierdik nabarmendu duenez, Nafarroako Gobernuak oso begi onez ikusten du Sakanako Plan Estrategikoa,”Sakanaren egoera bideratzeko ezinbestekoa”. Ildo honetan, 2016ko aurrekontuetan diru sarrera jasoko du Gobernuak, aipatu plana sustatzeko. Sakanako Plan Estrategikoak aurrera egiteko negoziazioek aurrera jarraitzen dutela aipatu du Aierdik eta hurrengo astean bertan atzera ere bilduko direla gaineratu du.