Euskaldunon hizkuntza aktibaziorako tailerrak

Guaixe 2016ko urt. 26a, 13:13

Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) “euskaldunok bizi dugun menpeko egoera, euskaraz biziz irauli nahi dugu. Horretarako, hutsune nabarmen bat beteko duen tresna berri bat, tailer bat proposatzen dugu”. Eragile euskaltzaleko kideek azaldu dutenez, tailerrak “euskaraz bizi nahi eta ahalegina egiten dugun herritarroi hizkuntza praktika sumisoak gainditzeko baliabide pertsonalak eskainiko dizkigu”. Azaldu dutenez, “Baliabide hauek kolektiboki landu eta garatzeko, eta bestelako arloetan aldaketak eragiteko, dinamikak eskura jarriko ditugu”. EHEk TELP ikastaroen sortzaile Gemma Sanginesekin elkarlanean sortu du tailerra eta bera izanen da saioen gidaria.

Eragile euskaltzaleko kideek argi dute hizkuntza eskubideen defentsarako dinamikak beharrezkoak direla, baina “horien garapenarekin soilik ez da nahikoa”. Euskararekiko aldekotasuna lortzeko dinamikei balioa aitortuta ere, “bada garaia, jarreretan soilik zentratu baino, jokabide aldaketetan zentratzen hasteko, euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko”.

Hausnarketa
EHEk abenduan Izan, egin, eragin. Euskal Herrian Euskaraz izena duen hausnarketa prozesu parte-hartzailea abiarazi zuen. Dagoeneko hainbat herritan batzarrak egin dituzte eta hainbat pertsonarekin aurrez-aurreko solasaldiak izan dituzte. Hausnarketa prozesuaren helburua da:“hizkuntza gatazkaren korapiloak askatzeko gakoak identifikatu eta, haiei ekiteko, EHE erakundearen etorkizuna marraztuko duten neurriak hartu”.

Gogoetaren oinarrian “euskaldunen aktibazioa” jarri dute. Eragile euskaltzaletik azaldu dutenez, “sinetsita gaude euskaraz bizitzeko behar ditugun aldaketak norbanakoon zein hiztun komunitatearen ahalduntzearekin etorriko direla”. Hizkuntza aktibismorako tailerra ildo horretan kokatu dute.


Ikastaroak
Ilbeltzaren 29an eta 30ean   Altsasun
Otsailaren 12an eta 13an     Txantrean
Otsailaren 27an                   Arrasaten
Martxoaren 12an                 Durangon


Izen ematea
Ostegunera arte dago zabalik. Euskara1@sakana-mank.com e-postara idatzi edo 948 464 840 telefonora hots egin daiteke izena emateko. 10 euro ordaindu behar dira kontu korronte honetan ES48 3035 0116 98 1160700362, izen-abizenak gehituz.