“Behin udalak aurreko legegintzaldietako finantza-kargak atzean utzi dituela eta Nafarroako aldaketari esker, 2009rako murrizketek aurrekontuan izan zuten eragina desegiteko plan bat martxan jarri dezakegu. Lana ez dugu urte honetan bukatuko, baina bai legegintzaldi honetan izateko pausuak eman” . Arantza Bengoetxearen hitzak dira, Altsasuko Udalean EH Bilduren eledunarenak, aurrekontuei aurkeztutako emendakinak azaltzerakoan esandakoak. Eta gaineratu zuen: “anbizioarekin jokatzeko garaia da”.
Emendakinei dagokienez, koalizioak kirol elkarteekin dauden hitzarmenetarako diru saila %10 handitzea eta 11.000 euro gehiago bideratzea eskatu du. Ehuneko bera handitzea eta kultura taldeendako diru-laguntzen poltsa 4.000 euro gehiagorekin betetzea eskatu dute. Bi arlo horietan %30eko murrizketak izan ziren 2010ean eta hiru urteetan %10eko igoerak egitea eskatzen du EH Bilduk, “2010eko egoerara bueltatzeko”.
Bideen konponketara 5.000 euro gehiago zuzentzea eskatu du koalizioak. Horrekin batera, bideen konponketarako hainbat urtetarako plangintza egitea beharrezko jo du. Gainontzeko emendakinak honakoak dira: kaleen konponketara 3.000 euro gehiago; gizarte kooperazio proiektuetara, liburutegirako eta Eguberarendako 2.000na euro gehiago eta peñendako 1.000 euro gehiago. Guztira 30.000 euroko emendakinak aurkeztu ditu EH Bilduk. “Udaleko kontu-hartzailearekin kontrastatuak daude, egin daitezkeen emendakinak dira”, ziurtatu zuen Bengoetxeak.
Aurrekontuetan diru-sailen bat handitzea posible balitz EH Bilduk honakoetan egitea proposatu du: jaietako ekintzak, bestelako jaietako ekintzak, jubilatuei diru-laguntzak eta Olentzero. “Izan ere, aipatutako sailek %30ko murrizketa jasan zuten 2010ean”. Nafarroako Gobernuaren musika eskolarako ekarpena handituko balitz familien ekarpena txikitzea edo aurreko lau partidak handitzea proposatu du koalizioak.
Inbertsioak
Soberakinarekin egin daitezkeen inbertsioak udaleko batzordeetan lantzea eta denen artean adostea proposatu du EH Bilduk, aurreko lau urteetan egin den bezala. Nafarroako Gobernu berria udalei diru gehiago emanen diela jakinda, “ongi etorria, Altsasurako proiektuak eta beharrak soberan ditugu eta”. Hala ere, gogorarazi du Madrilgo Gobernuaren Aurrekontuen Egonkortasun Legeak udal autonomia baliogabetzen duela. “Legea egonen ez balitz, udala beharrezkoak diren zenbait inbertsio aurrera eramateko gai izango litzateke”.