Euskal mitologian bada ororen gainetik gailentzen den figura bat: Mari jainkosa. Kondairen arabera, gainontzeko izaki guztiak eta fenomeno naturalak haren esanetara daude. Euskaldunen herri jakintzan Marik bizitza eta bizi-irrika irudikatzen ditu. Sortzaile handi eta naturaren pertsonifikazio kontsideratzen da, eta emetasuna boterez hornitzen du. Ezaugarri horiek guztiek pertsonaia liluragarri bilakatzen dute.
Uste horretakoa da Yolanda Mazkiaran altsasuarra, “Mariren sua” egitasmoaren sortzailea. Hainbat urtez Mariren inguruko materiala biltzen aritu ostean, iragan abuztuan jainkosa ardatz duen film laburra grabatu zuen San Pedroko zelaian. Luxuzko parte-hartzearekin, gainera: grabaketan parte hartu zuten, besteak beste, Enrike Zelaia akordeoilariak, Itziar Nazabal margolariak, Raul, Naiara eta Maddi Urkijo txalapartariek eta Altsasuko hainbat dantzarik eta abeslarik. Filma igande honetan mustuko dute, 19:00etan, Iortia kulturgunean. Aurkezpenaren aurretik lanaren zuzendari Mazkiaranekin solas egin dugu.
Zer dela erabaki zenuen film labur hau ekoiztea?
Urteak daramatzat “Mariren sua” proiektuaren baitan Mari ikertzen. Jainkosaren inguruan material eta informazio ugari daukat. Jakintza guzti hori eskuartean nuela, jendarteratzeko beharra ikusten nuen. Horrela, udan, Altsasun nengoela, bideo labur bat egitea erabaki nuen. Egitasmoak herriko jendea animatu zuenez, erabaki nuen Altsasu zela filmaketa egiteko lekurik aproposena. Film laburraren helburua proiektua indartu eta hauspotzea da. Dena den, bideoa beregaina da, ez du beste elementu batzuen beharrik osotasuna izateko.
Zer berezitasun ditu Mari jainkosak?
Intelektual asko euskaldunen Mari aztertzen ari dira. Marija Gimbutas antropologoaren arabera, Neolitikoan eta Paleolitikoan Ama Jainkosa gurtzen zuten, bular handi, aldaka zabal eta bizitza emateko gaitasuna zuen emakumea zena. Gimbutas Euskal Herriko herri kultura aztertzen aritu da, eta ondokoa ondorioztatu du: Neolitiko eta Paleolitikotik bi harribitxi datozkigu, euskara eta Mari. Azken honen oroimenak oraindik bizirik dirau. Gauzak horrela, proiektuaren bidez jainkosaren izana jendarteratu nahi dut. Euskal mitologiaren erdigune dela ikusirik, uste dut ahaleginak merezi duela.
Zure esanetan, Mariri buruzko ezagutzak emakumeak ahalduntzeko balio dezake.
Mari sekulako tresna da gure jatorri eta etorkizunaz jabetzeko. Adurra, barne indarra, kendu ezin zaion kemena duen izakia da. Egun kanpoko indarrean galduta gabiltza, adurraren bila ibili beharrean. Kanpokoak alde egiten du, baina barne indar hori elikatuz gero, boteretsuago bilakatu gaitezke. Emakumeok gauza asko irabazi ditugu, baina oraindik gauza asko daude egiteke. Mariren figurak aukera ematen du emetasunaren boterea, emakumeok umetokian dugun adurra aldarrikatzeko eta, horrekin batera, gizarte patriarkalari kontra egiteko.
Horretarako, baina, jainkosaren berri izan behar da. Jendeak badu honen inguruko ezagutzarik?
Ez. Gaur egun jende askok ez du bere berri, Mari sekulako altxorra den arren. Elkarbizitza denon ahotan dabilen garaiotan, Mariren legeari erreparatzea ez legoke gaizki. Izan ere, honek bizikidetzarako kontzeptu oso baliagarriak jasotzen ditu. Harroputza ez izatea, gezurrik ez esatea, lapurretarik ez egitea, begirunea inori ere ez galtzea, elkarlaguntza ez ukatzea… printzipio horiek guztiak jasotzen ditu Mariren legeak. Bizikidetzari begira oso aproposa litzateke gure arbasoek zuten jakituria hori gaur egun aplikatzea.
Horrez gain, Mari ama-lurraren gurtzarekin ere loturik dago. Zentzu horretan eginiko ekarpenak ere oso kontuan hartzekoak dira egungo garaietan. Lurrari kalte handia ari zaio egiten gizakia, eta serio hartu beharreko kontua da. Ama-lurra errespetatzen ikasi behar dugu, eta horretarako Mariren ekarpena oso baliagarria da. Euskararekin, paganismoarekin, animismoarekin… ere lotura estua dauka. Urrezko altxorra da.
Harribitxia izaki, nola da posible jendartean honen inguruko ezagutza zabalagoa ez izatea?
Sarritan herri jakinduria galduz joaten da, eta Mariren kasuan hala gertatu dela esan daiteke. Nolanahi, Euskal Herrian oraindik badago nolabaiteko memoria. Jainkosaren inguruko jakinduria guztia ez da galdu. Esaterako, Enrike Zelaiak azaldu dit nola behin Altsasuko herri guztia kalera irten, eta askok gaupasa egin zuten Mari zerua zeharkatzen ikusteko. Beraz, hor bada zerbait. Bada sentimendu, izpiritu, ideia, sinesmen bat.
Filmaren ekoizpen prozesua magiko gisa definitu duzu.
Bai, guztiz magikoa izan baita! Eta uste dut parte hartu dutenak ere iritzi berekoak direla. Grabazioan oso ongi pasa genuen, giroa aparta izan zen. Mariren energia alde izan genuela esan daiteke. Magikoa izan zen, dena primeran atera zitzaigun. Egun bakar bat nahikoa izan genuen grabaketa guztiak egiteko. Hor funtsezkoa izan zen niretzat Joseba Salegiren laguntza. Zuzendari laguntzaile gisa oso lagungarria izan zen niretzat. Eta ondoren edizioan ere lan handia egin du.
Hizkuntza euskara erabili zenuten. Hizkuntzaren hautuari zer nolako garrantzia eman zenion?
Handia. Jende askok uste du Altsasun apenas dagoela euskaldun jendea, eta ez da horrela. Euskara hitz egiten da, bizirik dago. Grabazioan 30 bat pertsona izan ginen, eta hiruzpalau pertsona kenduta beste guztiok euskara dakigu. Enrike Zelaia eta Joseba Salegik, esaterako, ez dakite euskaraz hitz egiten, baina hasiera-hasieratik garbi esan ziguten komunikazioa euskaraz izatea nahi zutela. Momentu batzuetan itzulpena egin behar izan dugu, baina bestelakoan primeran moldatu gara.
Zuk mundutxo honetan baduzu eskarmentua. Hainbat dokumental eta film labur egindakoa zara. Proiektu hau nolako esperientzia pertsonala izan da zuretzat?
Zoragarria. Prestaketa lanean eta grabaketan izugarri gozatu dut. Egia da post-produkzio lana astunagoa egin zaidala. Otsailaren 14an filma jendaurrean aurkeztea ere ez da lan erraza. Urrats batzuk apur bat nekagarriak dira. Batez ere kontuan izanda bestelako betebeharrak ere baditudala, bizitza profesionalari dagokionez, baita bizitza pertsonalari dagokionez ere. Baina denera iritsi naiz, eta balorazioa, oro har, primerakoa da.
Laburmetraiaren aurkezpena Santa Ageda eta Inauteri inguruan egingo duzue. Erabaki kontzientea izan da?
Guztiz. Aspalditik genuen pentsatuta aurkezpena orain egitea. Santa Ageda emakumeen jaia zen, erromatarrek ospatzen zuten matronaliarekin lotura estua zeukan. Proiektu hau ere emakumeena da, nahiz eta gizonek ere lagundu diguten. Hori dela eta, lotura bat ezarri nahi izan dugu egitasmoaren eta Santa Agedaren jatorri eta izaeraren artean. Eta Inauteriei dagokienez, hauek gure sustraiak eta errito paganoak irudikatzen dituzte, eta polita iruditu zitzaigun aurkezpena honekin ere lotzea.
Bideoa, esan bezala, “Mariren sua” proiektuaren barruan dago kokaturik. Egitasmo honek bestelako ekimenak ere barnebiltzen ditu?
“Mariren sua” zuzeneko ikuskizunetan oinarritzea nahiko nuke. Orain film labur bat egin dudan arren, proiektua ez da egitasmo zinematografiko bat. Bideoak bilatzen duena da jendea proiektura erakartzea. Nire asmoa jendea naturara eraman eta bertan ikuskizuna eskaintzea da. Performance hau Marik, sorginek, eta bestelako izakiek osatuko lukete; esaterako, xamanek. Mexikoko xamanak ezagutu ditut, eta konturatu naiz xaman horiek eta hemengo sorginek bat etortzen diren gauza asko dituztela. Beraz, xamanismoak ere tartea izango du zuzeneko ikuskizunetan.
Bestalde, hauetan emakumeen umetokiaren askapena ere jorratu nahiko nuke. Umetokia inkisizioak gehien zigortu zuen organoa da. Puntu oso energetikoa da, oso boteretsua, baina oso zigortua izan da. Gaur egun mugimendu handia dago umetokiaren askapena bultzatzeko, eta ikuskizunetan horri ere heldu nahiko nioke. Igandean aurkeztuko dudan bideoa nahiko tradizionala da, baina ikuskizuna guztiz garaikidea izango da, modernoa, elementu asko bilduko dituena.