Mari egitasmoaren aurkezpena

Guaixe 2016ko ots. 18a, 19:07

Yolanda Mazkiaran Zelaia hizketan, laguntzaileak aldamenean dituela.

Altsasuarrek eta sakandarrek ia bete egin zuten Iortia kultur guneko areto nagusia domekan. Guztiek Yolanda Mazkiaranen Mari film laburraren mustutzea ikusi nahi zuten. Pantailaren ezker aldean filmean Itziar Nazabalek margotutako koadroak egin zien harrera guztiei.

Aitzber Etxaiz Soriak aurkezpenean azaldu zuenez, hiru bat urte pasa dira Yolanda Mazkiaran Zelaiak Mariren sua proiektua erregistratu zuenetik. Geroztik hura aurrera ateratzeko hainbat ate jo ditu, baina ez da diru-laguntzarik etorri. “Ez zuen etsi eta aurrera egitea erabaki zuen”. Hainbat arte-alorretan ibilitako altsasuarrekin lan-taldea osatu zuen. Auzolanean, bakoitzak duen onena emanez, sortu da Mari film laburra. “Herritik egina eta herriari eskainia, bihotzetik bihotzetara, euskaratik euskarara. Hauxe baita gure Ama-lurrak utzi digun altxor preziatuena: herriaren nortasuna, Mari”.

Arlo teknikoan lan egin zuen Joseba Salegik azaldu zuenez, “herrian zinema-profesional asko daude. Gainera elkarrekin lan egindakoak gara Aitor, Gaizka eta hirurok eta elkar ulertzen dugu. Erraza izan da lan egitea”. Guztia egun bakarrean filmatzeak Marik emandako energia positiboari esker izan zela gaineratu zuen. “Bestela oso zaila da. Yolik oso argi zuen dena, oso ongi koreografiatuta eta oso erraza izan zen kamera sartzea”.

Filmaren emanaldiaren ondoren sortzailearen eta publikoaren arteko solasaldia izan zen. Mazkiaranen esker onarekin eta parte-hartzaile guztiak oholtza gainean zeudela despeditu zen aurkezpena.

Film laburrean parte hartu zuten
Kamara aurrean
Enrike Zelaia (akordeoilaria), Susana Aiestaran eta Haizea Grados (ama-alabak), Renata Arnedo (dantza garaikidea), Aitziber Etxaiz, Maixabel Lopez de Uralde, Marivi Martinez de Albeniz, Ana Bel Beramendi, Erkuden Barandiaran, Pili Maldonado (euskal dantzak), Erkuden Flores, Itziar Flores, Puri Alzelai, Edurne Amillano, Txaro Gorospe (abeslariak), Itziar Nazabal (margolaria) eta Raul, Naiara eta Maddi Urkijo (txalapartariak).

Talde teknikoa
Aitor Beramendi eta Gaizka Visier (kamerak), Aner Arregi (soinua), Xabi eta Jon Amaro (produkzio laguntzaileak), Ana Barandiaran (script), Joseba Salegi (edizioa eta zuzendari laguntzailea) eta Yolanda Mazkiaran (zuzendaria).