Hualdek udala utzi du

Unai Hualde Iglesias Geroa Baiko zinegotziak kargua ostegunean utzi zuen, 13 urteren ondoren. Hualdek zinegotzi eta parlamentari karguak hartu zituen garagarrilean. Ilbeltzean EAJren Nafarroako presidente izendatu zuten eta ondorioz alderdiaren Euskadi Buru Batzarreko kide ere. Lan guztiei ezin zien behar bezala erantzun eta Hualdek zinegotzi kargua utziko du. Bere lekukoa udalean Julen Diaz Oiarbidek hartuko du, Geroa Bairen hauteskunde zerrendan 9. postuan zegoenak.

Zinegotzi ohiak azaldu zuenez, “udalean egotea oso esperientzia aberasgarria izan da. Nik beti esaten dut beharrezko esperientzia bat izan beharko litzatekeela”. Lehen mailan herriaren garapenean gauza asko pasa direla ikusi du urte horietan. Bestalde, parlamentari gisa gauzak beste modu batera “Nafarroa osoko ikuspegiarekin” ikusten dituela esan du. Esperientzia “ona” izaten ari dela gaztigatu du. Gainontzeko alderdiekin aldaketako gobernua sendotzen ari dela gaineratu du.

Atzera begira
Hualde Altsasuko udalean 2003 sartu zen. Lehen legegintzaldia hartan Aralar, Eusko Alkartasuna, Altsasuko Taldea eta Ezker Batuaren artean gidatu zuten udala. “Obra eta gauza asko egin ziren. Ekonomia-egoera beste bat zen. Ezberdinen artean akordioak hartzeko garaia izan zen. Orain Nafarroan gertatzen zenaren tokiko esperientzia bat izan zen”. Akordioaren kultura hori beste esperientzia baterako baliagarria izan zaiola esan du.

2007-2011 legegintzaldian Hualde Nafarroa Baiko alkate izan zen. “Alde batetik, PSNren eta bestetik EAE-ANVren oposizio handia izan genuen. Hala eta guztiz ere gauza asko egin ziren. Igerileku estaliak, obra handiak… lan askoko legegintzaldia izan zen”. 2011-2015 legegintzaldian “krisialdiren sakonena” etorri zela gogoratu du Hualdek. Finantzaketa jaitsi zen. Geroa Bai oposizioan izan zen.

Joan den urtean hasitako legegintzaldian alkatetzan da Geroa Bai. “Agian gauza gutxiago egin daitezke, baina interesgarriak”. Bost zinegotzirekin koalizioa alkatetzan “eroso” dagoela esan du Hualdek, “sekula ez dugu halakorik izan”. “Ika-mikak izanda ere, besteak, orain arte, nahiko arduratsu aritu dira”.

Erlazionatuak